Borrar

Bigarren hasiera

Bai horixe ·

Bi hasiera ditu urteak, urtarrilekoa eta irailaren hastapen honetakoa

Astelehena, 5 iraila 2022, 07:40

Comenta

Denboraren eta ahanzturaren eraginez eskola garaitik apenas oroitzapen lauso bat duenak ere, irailaren hasiera hastapen berri batekin lotzen du. Horregatik ditu urteak bi hasiera, urtarrilaren lehenean eta irailarekin batera datorrena. Hasteko zorian dago ikasturtea, itzuli dira irrati edo telebistetara tituludunak, joan dira itzalera haien ordezkoak. Telebistak faszikuluak saldu nahi ditu, arropa dendek bilduma berria, liburu dendek aurkezten dituzte nobedadeak ...

Urtearen bigarren hasiera honek, ia edozerk bezala bi aurpegi ditu: etor-tzeko dagoenari gogotsu heltzen diotenak eta horren beldur direnak. Har dezagun eskola bera adibide gisa. Hor nahasten dira berriz ere lanera itzuli behar izan duten irakasleak, libre bizi ondoren berriz ere kaiolara itzultzera behartuak, haurrak urte osoko errutinari eusteko irrikatan dauden gurasoak, oporretan apur bat aspertu diren haurrak, eskola zigor gisa bizi duten ikasleak, ingurukoen erasoen berrasierari beldur diotenak. Txanponaren bi aurpegiak, elkarrekin nahastuak.

Egoera zehatzaren arabera, baita norbanakoaren izaeraren arabera ere. Gero, denboraren eraginez, aldatu egingo dira taldeak, ikasturtea ez delako uste bezain txarra izan edo espero zituzten onurak heldu ez direlako. Eta beti egongo da beste hasiera, urtarrilekoa, bizitzaren norabidea gobernatzen dugula pentsatzeko, oker doana zuzentzen ahalegintzeko, egitasmo berriak asmatzeko.

Hausnarketa filosofikoak lantzeko une aproposa direlako hasierak, ametsak egitasmo bilaka daitezkeela pentsatzeko aproposak, egitasmo horrek hamabost egun iraungo ez badu ere. Hor daude, gure bizitzan sartzeko zain, etorriko zaizkigunak, espero ditugunak eta burutik pasa ez zaizkigunak ere.

Atseginak dira hastapenak, zapalduko dugun bidea garbi eta arrastorik gabea azaltzen zaigulako, oraindik zuri dagoen folioa gure lumaren zain dagoelako, bertan idatziko dena erabat gure esku ez badago ere. Eta hori guztia udazken honetarako iragarri dizkiguten zorigaizto amaigabeak heldu baino lehen.

Memoriak ez dit antzeko ezer eskaintzen, ez dut zeruan hainbeste laino duen udazkenik gogoratzen. Matraka horrekin joan zaigu uda bero hau, etorriko zaizkigun kalteen zerrenda luzea entzuten, hedabideetan, kalean, igogailuan, edonon.

Nola demontre ekin gogotsu hainbeste zorigaizto ekarriko omen digun iraileko hasiera honi? Nola itsasoratu ekai-tza besterik iragarri ez zaigun honetan?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bigarren hasiera