Borrar
Bai Horixe

Pentsioa eta eskubidea

Gaur ez dago gure artean pentsioren bat jasotzen ez duen zaharrik

Astelehena, 27 martxoa 2023, 07:03

Comenta

Gure aita zenak 69 urte zituen hil zenean. XX. mendearen hasieran jaio zen eta lanean ari zen gaixotasunak menderatu zuen arte. Bizpahiru aste ospitalean eta kito. Eritegiko gau luze haietan ez zuen sekula erretiroa aipatu, ezta gaixotu aurretik ere. Ez erretiro ez pentsio, bi hitz horiek ez zeuden bere hiztegian. Berak uste zuen hil arte jardun behar zuela lanean eta horixe egin zuen. Hori bai, aita hil ondoren amak alarguntza pentsioa jaso zuen hamarralditan.

Gure ama zena, berriz, hirurogeita bost urte bete zituenean jubilatu zen. Hogeita hamar urtez jaso zituen bi pentsio horiek, aitarengandik etorria eta berea. Urte horietan guztietan oparitzat jo zituen pentsio horiek, seme-alabok besterik esaten bagenion ere. Alferrik esaten genion ez zirela oparia, eskubidea baizik, urte askotako lanaren ordaina. Hil arte hilero opariak jasotzen zituela sentitu zuen.

Etxeko izeba aitaren adinkidea zen eta berak egin zuen, hil arte, etxeko lana, ama lanera zihoan bitartean. Gaztetan urte batzuetan egin zuen lan jostun gisa, lantegi batean, baina berari tokatu zitzaiona kontribuziorik gabeko pentsioa izan zen, bere bizitzaren azken urteetan. Eta hilero lau sos haiek oparia baino gehiago iruditzen zitzaizkion, miraria, mirari hutsa eta hilero miresten zen mirariak zirauelako.

Gaur apenas dagoen gure artean pentsioren bat jasotzen ez duen zaharrik, eskasa askotan, mixerablea batzuetan, baina pentsioa. Eta guztiek dakite pentsioa jasotzea eskubidea dela, ez oparia, are gutxiago miraria. Ikusi besterik ez dago gurean jubilatuek egiten dituzten mobilizazioak edo Frantzia osoa sutan jartzen ari direnenak.

Zahartzaro tradizionalari gehitu zaion hori ez da xehetasuna, ia-ia iraultza da . Goyaren margolan batean sakelako mugikor bat jarriko bagenu bezala. Eztabaidatzen duguna pentsio horien kopurua da eta bertara heltzeko behar den adina eta gainerako baldintzak. Ez pentsioak. Eta norbaitek gaurko gazteek pentsiorik izango ez dutela esaten duenean eskubide baten heriotzaz ari da, ez opariz edo mirariz.

Beste kontu bat da pentsiodunen arteko desberdintasuna, hor ere egon baitaude aberatsak eta pobreak, baita pobreetan pobreenak ere. Ni behintzat ez naiz etorkizun urrun ez hurbilean zer gertatuko den asmatzeko gauza, ez dakit zer nolako ibilbidea egingo duten pentsioek. Baina jakin badakit pentsioak defenditu behar ditugun eskubidea direla, ez opari ez mirari.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pentsioa eta eskubidea