Borrar
Bai horixe

Zapaltzaileen alde

Zapaltzaileen arrakastak zapaldu batzuen laguntza behar du

Astelehena, 31 uztaila 2023, 07:17

Comenta

Hauteskundeak pasa eta berehalaxe heldu zait mugikorrera Sumar'eko pertsona batek idatzi omen duen gutuna, nigana heldu aurretik hamaika aldiz errepikatua. Egiazkoa izan daiteke edo asmatua, ez baitu izen-abizenik ezta jatorriaren seinalerik ere. Baina demagun egiazkoa dela, indar politiko horren kide batek idatzi duela.

Pertsona horrek Sumar ordezkatu omen zuen hauteskundeetako mahai batean eta bertan bizitakoa du kontagai. Puntu nagusi bat du lekukotasunak: jatorriz atzerritar izandakoen botoa. Batzuk lehen aldiz egiten omen zuten hori, duela gutxi herritar oso bilakatu direnaren seinale. Azal kolore desberdinetakoak, jatorri desberdinekoak, Afrikatik, Hegoamerikatik edo Asiatik etorriak, gizon nahi emakume.

Bada, gutunak kontatzen digu hautesle izateko eskubidea lortu ondoren, etorkin ohi horiek Vox-i ematen diotela botoa, bata bestearen atzetik, guztiak eskuineko muturraren alde. Harridura adierazten du lehenik lekukotasunak, ikusita nola duela gutxi etorkin eta orain herritar oso diren pertsonek etorkinen kontra gogor egiten duen alderdiari ematen dioten botoa. Etorkinen kontrako gogorretan gogorrenari.

Ez nuen nik inguru honetan horri buruzko ezer irakurri, bai, ordea, Estatu Batuetako esperientziari buruz. Azterketa askoren arabera, han, Hegoamerikako etorkin askok egiten du bat, behin herritartasuna ziurtatzen duten paperak patrikan, etorkin gehiago nahi ez dutenekin. Noski, etorkin berriak hainbeste nekez lortutakoa kenduko dietenaren beldur dira, pentsatzen dute ez dagoela lekua guztientzat.

Idatziz esana zuen aspaldian Simone de Beauvoir-ek: zapaltzaileen arrakastak zapaldu batzuen laguntza behar du. Emakume eta gizonen arteko desberdintasunaz ari zen filosofo frantziarra, baina iruditzen zait esaldiak nondik-norako askotarako balio duela, zapaltzailearekin, boteredunarekin bat egiten duten zapaldu guztientzat.

Jakin badakit zapaltzaile/zapaldu dikotomia sinpleegi izan daitekeela, mundua zuria eta beltzaren artean banatzea bezain hutsa. Baina botoa Vox-i ematen dion etorkin ohiak, botoa etorkinen kontrako sutsuenagoari ematen dionak, bere kideak direnen ordez aurkariak aukeratzen dituenean, nekez lortutako duen gutxi hori defenditu nahi du, etorkin berrien beldur da, uste du ez dagoela etorkin gehiagorentzako lekua.

Boto bakoitzaren atzean gutxitan dago arrazoi bakarra, gehienetan arrazoi ugari ditu botoak. Eta beldurra da horietako bat.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zapaltzaileen alde