Aldaketak etorri dira gurean, egunotan, alderdi politiko askotan eta bada kasu guztietan alderdiek eta hedabideek nabarmendu duten zerbait: etorri berrien adina, zehazkiago, protagonista berrien gaztetasuna.
Publicidad
Esan dezadan neure ustez ez dela komenigarri hauteskundeetan oinarritzen den kargu publiko batean luzaroan irautea. Ezin dut epea zehaztu, bi legealdi diren edo hiru, baina iruditzen zait lan horietan egokiago dela guztiontzat, karguentzat nahiz herritarrontzat, txandakatze moduko bat.
Are gehiago, protagonista politiko batek hiru, lau legealdi irauten duen bakoitzean, eta adibide ugari dugu maila guztietan, delako alderdiaren ezintasunaren seinale dela iruditzen zait, ordezko berria prestatu eta gizarteratzeko ezintasunaren adierazle. Pentsatu izan dut ahalegindu ahaleginduko zirela, baina ez dutela helburua lortu.
Ongi etorria, beraz, berrikuntzari. Baina gaztetasuna ez da berrikuntzaren ezinbesteko ondorio. Gazte guztiak ez dira berritzaile, ezta gutxiagorik ere. Gutako edonork ezagutu edo ezagutzen ditu gazte atzerakoiak, aurrekoen ildotik milimetro bat aldentzen ez direnak, ez bada oraindik atzerago jotzeko.
Publicidad
Eta ez hain gazteengandik ere etorri daiteke berrikuntza. Laurogeita hamahiru urte zituen Stéphane Hesselek 'Indignez vous' liburua argitara eman zuenean, munduan zehar, are gurean, hainbeste gazteri politikaren bidea zabaldu zion liburua. Ez irentsi gertatzen zaizuena, haserre zaitezte, esan zuen eta milaka gaztek jarraitu zuen norabide hori. Hirurogeita hamasei urterekin deseraiki zuen Mandelak Hego Afrikako apartheida. Bale, salbuespenak izan daitezke, baina, era berean, zahar sortzaileak, zahar berritzaileak.
Noski, marketinak bere alde politikoa du eta gizarte honetan gaztetasuna da legea, egiazkoa nahiz antzeztua eta giro horretan ulertzen dut erakargarriago dela aurpegi gazte bat hauteskunde karteletan. Gazteegia ere ez, tira, berrogei urteren bueltako pertsona heldu bat.
Publicidad
Betidanik gertatu izan dira aldaketak munduan, baina egia da gaurko abiadura inoiz baino azkarragoa dela. Mundu aldakor honetan ideia berriak behar ditugu,ideia zaharrak eraberritu behar ditugu, bai, baina eskertuko nuke gure buruzagiek hori azpimarratuko balute, ez protagonisten adina.
Ikusiko dugu laster asko noraino heltzen den eraberritze horren berrikuntza. Bitartean, gizon koadrila ederra eskaintzen digute, oraingoz, hautesleoi datozen hauteskundeetarako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión