Bai horixe
Olatu txikiakZerbait aldatu du feminismoak, agian asko, baina beste hainbeste falta zaigu
Feminismoak guztia aldatzen duela esan du egunotan Irene Monterok, Espainiako Futbol Federazioaren buru zenak sortutako istiluaren harira. Eta ez zaio arrazoirik falta. Tira ez guztia, ez dena, baina bai asko.
Feminismoak bota zuen harria ia solidoa zirudien putzu barera eta harri horren eragina ahulduz joan zenean, pu-tzuan sortutako zirkuluak gero eta handiago, baina gero eta azalekoago zirenean, beste harri bat bota zuen, aurrekoa baino handiagoa eta handik urte batzuetara beste bat … Horrela heldu da zirkulu horietako bat Espainiako futbolaren zuzendari nagusi zen Rubialesengana.
Rubialesek izan zituen, Australiako hura baino lehen, beste arazo batzuk, arazo larriak. Baina ondo inguratua zegoen, finkatuta zuen askoren babes eta konplizitatea eta ez zitzaion ezer gertatu. Agian iraunkortasun horrek harrotuta, gizonak sentitu zuen munduaren jabe zela eta barrenak eskatzen ziona egin zezakeela.
Heldu zen Sidneyra eta han, guztion begi bistan, filtro guztiak baztertu ondoren, erakutsi zigun barruan zuen zikinkeria guztia, disimulurik gabeko matxismorik gordinena. Musukatu zituen emakume batzuk baimenik gabe; igurtzi zituen barrabilak horrelakorik ez zuten emakumeen ausardia eta kemena goresteko, hartu zituen emakumeak bizkar gainean … Hori eta gehiago pozaren pozez. Gizonekin ez zuen horrelakorik egin, bai, ordea, bigarren mailako pertsona-tzat dituen emakumeekin.
Eta hor bai, hor heldu zitzaion gainera feminismoak putzuan sortutako olatu horietako bat. Oraingoz, hor bukatu da Rubialesen ibilbide loriatsua. Oraingoz. Ez du mugimendu feministak hondoratu, baizik eta mugimenduak beste askorengan lortu duen itzalak, enegarren olatuak.
Demagun hori horrela dela. Baina Irene Monteroren esaldiak dioena ez da oraindik egia borobila. Feminismoak aldatuko du, auskalo noiz, dena, baina oraingoz apalagoa da bere eragina. Zerbait aldatu du, agian asko aldatu du, baina beste hainbeste gelditzen zaio. Rubiales asko ditugu inguruan.
Ukaezina da giza eskubideen artean aparteko lekua duen gizon eta emakumeon arteko berdintasunak aurrera egin duela gurean eta gure inguruan, aurrera egiten ari dela, ez naturaren eraginez, baizik askoren borrokari esker. Aurrerapen horiek, gainera, ez daude bermatuak. Alderantziz, beti daude arriskuan, edozein momentutan eror daitezke.
Eskubide berdintasuna giza eskubidea da eta horren kontra ez du balio tradizioak ez ohiturak.