Nagusiaren gizagabekeria
Telefonoz zerbait saltzen ahalegintzen den langileak lan kaskarra du
Etxeetako telefono finkoek garrantzia galdu dute. Eskatzen diozu norbaiti bere telefonoa eta ia ehuneko ehunean sakelako telefonoaren zenbakia emango dizu. Nik, ordea, nahiago finkoa eman, ... etxean nagoenean beti dudalako eskura eta kalean edo auskalo non nabilenean ez diodalako beti kasu egiten deiari.
Hori ere jakingo dute telefonoz publizitatea egiten dutenek, ze era horretako dei gehienak etxera heltzen baitzaizkit. Hasieran, deia zertarako zen jakin bezain laster erantzuten nuen eskerrak emanez eta berehala esaten nion deitzen zuenari ez nuela neure denbora alferrik galdu nahi eta ez niola deitzen zuenari ere denbora galarazi nahi.
Jakin banekien deitzen zuena lanean ari zela eta bukaeran esaten nion oso adeitsua izan zela eta eskerrak ematen nizkion berriz ere. Gero, deiak ugaltzen joan zirenean, ezezkoari apaingarriak kentzen hasi nintzen eta orain zuzenean esaten diet ez dudala publizitaterik nahi telefonoz. Ez zakar, bai, ordea, labur.
Bada duela gutxi, lanbide hori zuen emakume bat, Inma izenekoa, lanean ari zela gaixotu eta hil zen. Notiziak dio lankide batzuk ahalegindu zirela gaixoari laguntza eskaintzen, baina berehala hil omen zen, derrepentean. Orduan, bertako arduradunak esan zien gainerako langileei lanean jarraitu behar zutela eta hori egin zuten, hilotza bertan zutela, anbulantzia batek gorpua eraman zuen arte.
Uste dut notizia irakurri edo entzun duen edonork sumatu duela hotzikara bat gertatutakoaren berri jakiterakoan. Ez digute zehaztu zenbat denbora pasa zuen hilotzak han, ezta Inma izeneko emakumea lurrean etzanda zegoen edo lanerako erabiltzen zuen aulkian jarraitu zuen. Ordu gutxi izan zirela da nik irakurri nuen notiziak zehazten zuen guztia.
Ez dut nik inor ezagutzen horrelako dei bat jaso ondoren zerbait erosi duenik, agian bai telefonoz zerbitzuren baten eskaintza onartu duenik. Baina erosleak egon egongo dira, bestela enpresek ez lukete dirua gastatuko telefonoz zerbait saltzen ahalegintzen diren pertsonak kontratatzen.
Kasualitatea da notizia irakurri nuenetik ez dudala telefonozko publizitate deirik jaso. Baina oraindik ere nola erantzun asmatu nahian nabil. Irudikatzen dut deitzen didanak, lan kaskar bat izateaz gain, agian Inmak zuen nagusia bezain gizagabe eta anker den nagusia duela, akuilua eskuan, eta aldamenean lankide baten hilotza duela dei egiten didanak. Ez zait berehala ahaztuko Inmaren kasua.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión