Kaltetuaren kaltetan
Isiltasuna ez da neutraltasuna, gaizkilearekiko konplizitatea baizik
Joan den astean kontatu zaigu Badalonan bortxatu zuten neskaren familiak bertatik alde egin behar izan duela, nonbait, batez ere neskaren anaiak erasoa salatu ondoren jaso dituen mehatxuen ondorioz. Izango da Badalonan neskarekiko solidaritatea sentitu eta adieraziko duenik, egongo da familia osoak merezi duen babesa eskainiko dionik.
Ez nahiko, ordea. Familiak sentitzen omen du arriskuan dagoela, ugariagoak eta pisudunagoak direla gertatutakoaren erantzukizuna familiari edo neskari leporatzen diotenak, erasoa salatu izana gaitzesten dutenak. Eta alde egitea erabaki dute, ezkutatzeko erabakia hartu dute. Notiziak ez du hori adierazten, baina minak eragindako erabakia da, dudarik gabe.
Askotan gertatzen dena normala bada, normaltzat jo behar dugu Badalonako familiaren ihesa. Horixe gertatzen da hainbeste eskolatan, jazarpena dela eta, kaltetuak aldatu behar izaten duela ohiko eskola, kaltegileek eta gertatzen ari dena ikusten dutenek bertan jarraitzen duten bitartean. Kaltegileak eta isiltasunaz konplize bilakatzen direnak bertan gozo, kaltetuak alde egin behar izaten duen bitartean. Hori da normalena.
Ez da zuzena, ez da polita, ez da bidezkoa. Bai, ordea, praktikoa. Kaltetua bakarra izan ohi da eskola gela batean, kaltegileak eta konplizeak, ugariak. Badalonako kasuan, praktikoago da familia baten lekualdaketa, bertako biztanle askoren kontzientziaren aldaketa baino. Lekualdaketarako aski dira ordu batzuk, jendearen kontzientzia aldatzeko, ordea, lan luzea behar da, agian hamarralditako lan tematia edo, hainbat kasutan, mendetakoa.
Hor dago koska, Everesten tamainaren bikoitza duen koska. Nola sartu kaltegileen burmuinean ez dutela inor kalte-tzeko eskubiderik? Nola sartu gertatzen dena ikusi ondoren isilik gelditzen diren konplizeen buruan isiltasuna ez dela neutraltasuna, gaizkilearekiko babesa baizik? Nola eragin irakasleengan edo, Badalonako kasuan, agintariengan, eskubide guztiak biktimarenak direla?
Zaila. Tarteka entzun edo irakurtzen dugu bortxatua izan denaren edo eskolan jazarpena jaso duenaren lekukotasun mingarria, izerditan eta odoletan blaitutako hitzak. Oso gutxitan, berriz, en-tzuten diogu norbaiti bera izan zela kaltegilea edo kaltegilearen konplizea. Kaltegileak egon badaude, baita konplizeak ere, baina gutxi dira egindako kaltea aitor-tzera ausartzen direnak. Agian ahaztu egin zaie. Kaltetuarentzat, ordea, ezinezkoa da ahanztura.