Borrar
Bai horixe

Irakurleekin selfiak

Ia liburu bat erosten duen edonork nahi du bertan egilearen sinadura

Lunes, 13 de noviembre 2023, 01:00

Comenta

Joan dira urte batzuk zinemaren inguruan ikusi nuela zaleei ez zitzaiela aski miresten zuten aktorearen sinadurarekin, paperik gabe pilatzen ziren estreinaldi eta antzekoetan, sakelakoa eskuan. Argazkiak nahi zituzten, baina ez nolanahikoak, argazkian balizko izarrarekin batera zaleak egon nahi zuen, selfiak nahi zituzten, bi irribarreak batera sakelako totemaren barruan.

Egiaztatu nuen aldaketa baina ez zitzaidan burutik pasa joera hori literaturaren esparrura helduko zenik, are gutxiago gure literaturarengana. Azken batean, literaturak aspaldi galdu zuen distira pantailen aurrean. Aspalditik, literatura gutxiri asko interesatzen zaion zerbait da, baina gehiengoari batere ez. Zer esanik ez hizkuntza gutxietsi batean idazten dugunon kasuan.

Izan ere, duela berrogeita hamar urteko azoketan (uff) ez dut gogoan inork liburua sinatzea eskatzen zigunik, ez hasi berriei ezta ordurako ezagunak ziren idazleei ere. Ez dut gogoan, adibidez, inork Arestiri sinadura bat eskatu zionik, ez behintzat haren ondoan egon nintzenetan. Orain bai, orain ia liburu bat erosten duen edonork nahi du bertan egilearen sinadura.

Argitaletxeen esanetan, liburu gehiago saltzen dira egilea liburua sinatzeko bertan dagoenean, horregatik adierazten da megafoniatik halako egile halako saltokian dagoela, liburuak sinatzeko prest. Ez da lan zaila eta gehienok ahalegintzen gara sinadurarekin batera hitz batzuk jartzen, eroslearen izena eta beste zerbait. Irakurleak gutxienez eskerroneko hitz batzuk merezi dituelako. Bolia edo errotua sakelan joaten gara zoketara.

Azken Durangoko azokak frogatu zidan berriz ere ez naizela iragarle fina. Ez naiz urtero joaten azokara eta seguruenik beste idazleren bati eskatuko zizkioten selfiak niri baino lehen. Gauza da azokan liburuak sinatzen ari nintzela birritan eskatu zidala liburua erosten zuenak selfi bat. Lehenengoari ez nion eskakizuna ulertu, hain zitzaidan arrotza eskaera. Irakurleak errepikatu behar izan zuen selfiarena.

Liburu azoka batean egon denak badaki gehienetan idazlea saltokiaren barnealdean egoten dela eta irakurle izango den eroslea kanpoan. Bada gutako bakoitzak salmahaiaren erdialdera burua luzatu eta elkarrengandik distantzia egokia lortu ondoren, selfia.

Aurten behintzat, modu berezian ahaleginduko naiz Durangoko azokarako tximak ahal bezain txukun egon daitezen, selfietarako prest. Hori eta gehiago merezi dute irakurleek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Irakurleekin selfiak