Gizonezkoen defentsan
«Diskriminazio positiboa»laster gizonen alde erabili beharko dugu
Ez dakit lehen aldiz gertatua den edo beste esparrutan gauza bera egin duten eta nik ez dut horren berri izan. Gauza da 'Ruta Quetzal' izeneko ... jardunaldi ospetsuan emaitza akademikoei buruzko baldintzak aldatu egin behar izan dituztela, bestela espedizioan parte hartzaile guztiak neskak liratekeelako.
Eta horixe bakarrik falta zitzaien, hasierako espedizioetan gutxi ziren emakumeak oraingoan gehiengo osoa ezik, osotasuna izatea. Tranpa txiki bat eginez lortu dute hala moduzko konponbidea. Azken emaitzaren arabera, berrehun partaideen artean hirurogeita hiru mutil sartu dira. Ez da parekidetasuna, baina gutxieneko itxurak gordetzen ditu emaitzak. Hori bai, mutilak dira gutxienak.
Esan beharra dago emaitza akademikoak, alegia, notak, direla abentura horretan parte hartu ahal izateko baldintza nagusia, hori eta partaide bakoitzak ordaindu behar dituen berrehun euroak. Hasi omen ziren eskakizunak noten arabera sailkatzen eta berehala ikusi omen zuten martxa horretan ez zela mutilik izango espedizioan. Hamarreko notara heltzen ziren denak ziren emakumeak. Orduan erabaki zuten, lurraldez lurralde, malguagoak izan beharrean zeudela, baldin eta mutilik sartuko baziren.
Jakin badakigu gaztetxo baten notak ez direla etorkizuneko ibilbidearen arrakasta edo porrotaren adierazle zuzen eta automatikoa. Baina irizpide hori finkatu zuten antolatzaileek eta hori da aldatu egin behar izan dutena: langa jaitsi egin dute, mutilen mesedetan.
Esan dut behin baino gehiagotan hainbeste kritikatu den 'diskriminazio positiboa' halako batean gizonen defentsan erabili beharko dela, orain emakumeon alde erabiltzen den bezalaxe, gizonezkoen gutxieneko parte hartzea babesteko erabili beharko dela etorkizunean, 'Ruta Quetzal'eko antolatzaileek egin duten bezalaxe.
Politikaren esparruan berdintasunerako jarduna mantso doa, beste esparru batzuetan bezain makal. Oraindik ez du estatuak emakumerik ikusi buruan, ezta Euskal Herriak ere. Hemen emakume politikoak gero eta ugariagoak dira eta, oraingoz, bigarren edo hirugarren mailako postuak betetzen dituzte, ez lehen mailakoak.
Hauxe gaur gure politika zuzentzen duten gizonei zuzendutako mezua: zuen semeen etorkizuna aseguratu nahi baduzue, sar ezazue konstituzioan edo legerik gorenenean parekidetasunaren aldeko neurria, orain gizonen kontra doala badirudi ere, laster gizonen aldeko neurria izango baita. Ez dut nik ikusiko, baina gerta daiteke eta gertatuko da.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión