Sarritan eztabaida publikoetan zati baten ahotsa gailentzen zaio orokortasunari. Nekazaritzaren arazoak aipatzerakoan ez ditugu entzuten bertan soldata baten truke lan egiten dutenak, prostituzioaz eztabaidatzerakoan apenas ... heltzen zaizkigun bertako langileen hitzak, taberna eta jatetxeen ordutegiari buruz jarduterakoan ez ditugu zerbitzarien ahotsak entzuten, taberna edo jatetxe horien jabeenak baizik.
Publicidad
Ordutegia aspalditik da eztabaidagai gure artean. Noizean behin gobernu batek ordutegia arrazoizko bihurtu behar dela esaten du, baita horren inguruan batzorderen bat antolatu ere. Eta, halere, urtez urte gainerako europarren ordutegitik gehiago aldentzen gara, gero eta beranduago bazkaltzen edo afaltzen dugu, gero eta beranduago ixten dira dendak. Eta Euskal Herriaren bazter honetan agian espainolik espainolenak gara ordutegiari dagokionez.
Entzun edo irakurtzen duzu Europar Batasunaren agintariak biltzen direla arratsaldeko ordu bi-t-erditan Bruselan edo Parisen eta ez dakizu berandu ote den ala goizegi, bazkal aurretik edo bazkal ondoren biltzen diren. Hemen, berriz, arratsaldeko hirurak bazkaltzeko ordu aski arrunta da eta ez bakarrik asteburuetan.
Mugatik hurbil bizi garenok ikusten dugu bertako jatetxe askotan bi txanda egiten dutela, lehena atzerritarrentzat eta bigarrena bertakoentzat. Batzuk hamabi-t-erditan bazkalduko dute, besteak hiruretan. Eta berdin afaltzeko orduei dagokienez. Jatetxeetatik kanpo ere, etxeetan, ditugun datuen arabera, mugatik zenbat eta hurbilago orduan eta goizago otorduen ordutegia. Eragina, ordea, mugatik kilometro gutxitara itzaltzen da, adibidez, ez da Donostiara heltzen.
Publicidad
Azken egunotan berriz ere plazaratu da taberna eta jatetxeen ordutegiari buruzko eztabaida eta arrapaladan atera dira plazara ostalaritzako ordezkariak, zehazkiago, jatetxeetako jabeak. Eromena dela ordutegia ukitzea, ez bada gehiago zabaltzeko, zenbat eta zabalago, orduan eta emankorrago... jabeentzat. Are gehiago, oraingo ordutegia idiosinkrasia kontua dela adierazi dute. Askatasun hitza ere aipatu dute, bizipoza. Nonbait, zenbat beranduago arte taberna eta antzekoetan ibili, orduan eta zoriontsuago gara. Aisialdian, noski, ez lanean, gero eta zailago omen da ostalaritzarako langileak aurkitzea.
Dendetako langileek lortu dute, behin eta berriro, jai egunetan irekitzeko joera geraraztea, baina ez dirudi zerbitzariek horrenbeste indarra dutenik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión