Borrar
Asturias, Kantabria eta Palentzian barrena ibili dira 22 egunetan. ARGAZKIAK GOIZARIN
Oiartzun

Oihane Retegi Arruti mendizale gazteak Kantauriar mendikatea zeharkatu du

Zeharkaldian 345 kilometro egin ditu gazteak, 22 etapatan banatuak; guztira 59 tontor igo ditu

GOIZARIN

Igandea, 4 iraila 2022

Comenta

Oiartzun herria mendiz jantzitako bailaran dago, Gipuzkoako ipar ekialdean. Nork ez ditu igo Aiako Harria, Bianditz, Basate, MUnagirre... Mendian barrena ibiltzeko zaletasuna oso sustatua dago gure bailaran. Girizia mendizale elkartea dugu horren seinale. 1986an sortua, urtero-urtero hamaika mendi irteera antolatzen ditu, arrakasta handiz. Gogoratu urtero 300 lagunetik gora federatzen dituela, gainera.

Mendizaletasun horretatik edan du Oihane Retegi Arruti gazteak ere eta aurtengo udan mendiko botak jantzi eta sekulako balentria egin du: Astur Torrecerredo Mendi elkarteak antolatuta, Kantauriar mendikatea zeharkatu du gazte talde batekin. Mendilerroa Espainiako iparraldean eta Euskal Herriko mendebaldean dago. Kantauri itsasoarekiko paralelo doa eta 480 kilometroko luzera du.

Natura zalea, Retegi kirolari borrokatua da. Udako plana bilaka zebilela, Kantauriar mendikatea zeharkatzeko proiektuarekin egin zuen topo eta berehala harremanetan jarri zen Gipuzkoako Mendi Federazioarekin eta horrela izena eman zuen burutu berri duen zeharkaldian. «Aukera bikaina izan da nire buruari frogatzeko natura ere erronka moduan bizi daitekeela eta gai izan naizela horrelako esperientzia batean parte hartzeko», dio pozarren.

Asturias eta Leon herrialdeen arteko mugan eman zioten hasiera zeharkaldiari eta Asturias, Kantabria eta Palentzian barrena ibili dira 22 egunetan. «Hamabost gaztez osatu genuen taldea eta gidari batzuk genituen laguntzeko», zehaztu du gazteak. «Egunero zazpiak aldera jaikitzen ginen. Behin kanpin dendak desmuntatu, gosaldu ondoren motxila ongi prestatu eta jartzen ginen martxan, mendiak gora».

Peña Ubiña Handia tontorra

Zeharkaldian 345 kilometro egin ditu gazteak, 22 etapatan banatuak. Edonola ere, «hiru egunetan atseden hartu genuen». Gauero, «kanpin dendetan lo egiten genuen». Hala ere, hiru aterpetxetan ere hartu zuten atseden. «Horiek hotelak ziren guretzat», aitortzen du.

Guztira 58 tontor igo ditu, gehienak 2.000 metro ingurukoak. «Altuena Peña Prieta izan da, 2.539 metroko altuera duen mendia», zehaztu du. Hala ere, haren gustukoena Peña Ubiña Handia (2.411m) izan da. «Zeharkaldira joan nintzenean, pentsatzen nuen hemengo mendien antzekoak igoko nituela han ere, baina egia esan igo aise igotzen nituen, baina jaistea ez zen hain erraza niretzat, altuerak errespetua ematen zidalako. Eta Peña Ubiña Handia oso mendi teknikoa da eta ez nuen oso ongi ikusten jaitsiera, baina gidariak eta beste mendizaleek animoak eman zizkidaten, nire buruaz sinetsi behar nuela esanez eta egia esan primeran moldatu nintzen, jaitsiera bikaina egin nuen», aitortu du.

Proiektu honen helburua Kantauri itsaso aldeko Mendikatea zeharkatzea izan da eta bidean zehar arrasto eta aztarna ugari topatu dituzte. «Gerra zibilaren garaiko bunkerrak, balak, granadak topatu ditugu... Horretaz gain, naturarekin lotutako aztarna ugari ikusi genituen: animalien hezurdurak...».

Aldura, Urdaburu, Malbazar

Retegik ttikitatik dauka mendizaletasuna: «Aldura mendiaren magalean bizi naiz eta oso umetatik nabil mendian. Aitarekin askotan joan izan naiz etxe inguruko mendietara. Aldura, Urdaburu izan dira igo ditudan lehen mendiak. Amarekin ere astebururo joaten nintzen mendira. Osabarekin ere asko ibili naiz mendian. Jaizkibel, Bianditz, Aiako Harria... ezagunak dira niretzat».

Zeharkaldiko azken gaua ez du erraz ahaztuko Retegik. «Oso nekatuta bukatu genuen azken egunean. Lotarako denda guztiak montatu genituen eta txoko batean afaldu ondoren izugarrizko ekaitza sartu zen eta kanpin denda guztiak erori, busti... egin ziren. Azkenean etxe abandonatu batean lo egin genuen. Azken egunerako horixe bakarra behar genuen», dio burumakur.

Beste bizipen bat ere gogoratu du gazteak. «Zeharkaldiaren erdi parean oso nekatuta nebilen eta bi aukera izaten genituen zeharkaldia egiteko: bide berdetik (mendiak zeharkatuz) edota bide gorritik (mendiak igota). Gidariari esan nion egun horretan bide berdetik egingo nuela. Baina gidariak animatu ninduen gailurra igotzera eta bost mendizale igo ginen egun hartan eta pila bat gozatu nuen. Izan ere, bide osoan zehar Europako mendiak aurrez aurre genituen eta oso igoera zoragarria izan zen. Baina, goian bazkaltzen jarri ondoren, konturatu ginen atzeko aldean sute bat zegoela eta 112ra deitu genuen. Azkenean, helikopteroa azaldu zen eta hasi ziren itzaltze lanetan».

Hala ere, gehien gustatu zitzaion esperientzia gau batekoa izan zen. «Oso gau ona zen kanpoan lo egiteko, oso izartsu zegoen. Hortaz, kanpin dendak alde batera utzi eta kanpoan lo egin genuen izarrei begira. Esperientzia itzela izan zen niretzat».

Mendizalea oso pozik dago bizi izan duen esperientziarekin. «Mendia nire pasioa da eta beste gazteekin pasio hori bera partekatzea izugarria izan da, abentura ikaragarria. Onartu behar dut haiek gabe ez zela gauza bera izango. Izan ere, haiek sentiarazten ninduten gai nintzela nire helburuak lortzeko, eta igo nahi zenuen gailurra erdiesteko. Mendi lagun eta gidari bakoitzaren animo, besarkada eta txaloei esker edozer gauza lor dezakezula sentitu dut. Mendikatea haiekin partekatu izana inoiz ez dut ahaztuko.

Izan ere, mendizale ikaragarriak izateaz gain, lagun moduan hamarreko nota merezi dute. Beti gogoratuko ditut».

Bestalde, zeharkaldiak beste xehetasun batzuk ere erakutsi dizkio: Laguntasuna eta maitasuna. «Goizetan besarkada bat emate hutsak, edo gailurrera iristean jasotako txaloak... Horiek izugarrizko balioa dute. Baita zure ondokoak eskua eskaintzea edota aurrera jarraitzeko zure gidariaren aholkuak jasotzea atzean ez geratzeko... Gainera, konturatzen zara gurasoek eskaintzen dizuten janari beroa edota dutxa beroa luxu hutsak direla. Laburbilduz, zeharkaldi honi esker gure ikuspuntuak 360º-ko aldaketa izan du».

Indartsu sentiaraztea

Era berean, «munduko erregina sentitzen zara, eguneroko helburuak lortzen dituzunean, igo izanaren poza sentitzea». Azken batean, fondoko karrera bat izan da San Isidron hasi eta Alto Campoon amaitu dena. «Baina dena ez da xamurra izan: eguna amaitzean hankazpiak sutan sentitzea, pilatutako nekea jasatea, moskitoen lata sumatzea... benetan, ez da gozoa. Baina tira, hori gutxienekoa da. Zeharkaldi hau borroka pertsonala izan dela uste baitut. Guztiontzat, fisikoa zein psikologikoa, eta horrek indartsu sentiarazi gaitu etalehen beldurra ematen ziguten erronkei aurre egiteko gaitasuna lortu dugu».

Hurrengo proiektua argi dauka Retegik. «Datorren urtean Sierra Nevadara joan nahi dut, hiru milako mendiren bat igotzera. Eta lortuz gero, bi urte barru Marokon Atlas mendikatea ezagutu nahi dut eta bertako mendirik altuena igo, Tobkal (4.167m.) mendia hain zuzen». Alpeetan dauden sekretuak ere deskubritu nahi ditu Aldura magaleko gazteak. «Etorkizuneko proiektua izango da hori». Bejondeizula!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oihane Retegi Arruti mendizale gazteak Kantauriar mendikatea zeharkatu du

Oiartzun: Oihane Retegi Arruti mendizale gazteak Kantauriar mendikatea zeharkatu du