Hiru irteera Artikutza ezagutzen sakontzeko eta udazkenaz gozatzeko
Heldu den igandean, Altuetako gaina eta Goizarin burdinola ezagutzeko parada izango dute mendizaleek
GOIZARIN
OIARTZUN.
Osteguna, 6 urria 2022, 00:06
Artikutza ezagutzen sakontzeko eta udazkenaz gozatzeko garai paregabea da urria. Artikutza Naturaren eskutik, lehenengo irteera urriaren 9an izango da Altuetako gaina eta Goizaringo burdinola ezagutzeko. Ibilaldi luzea eta aldapatsua da lehenengo proposamena. Artikutzaren mendebaldeko mugara hurbilduko dira mendizaleak, Altuetako gainera hain zuzen. Horren ondoren, pagadi eder eta bakarti bat gurutzatuko dute Goizaringo burdinola zaharra bisitatzeko. Artikutzaren ibaiak eta basoak disfrutatzeko irteera oso aproposa.
Bigarren irteera, berriz, urriaren 21ean izango da, gauez egingo dena. Orionidak ikusteko garai onena urriaren 21a izango da, eguraldiak laguntzen badu, noski. Horren harira proposatzen da gaueko irteera hau. Bianditzeko gaineraino joango dira eta handik, eguraldiaren arabera, eguzki etzateaz eta gau izartsuaz disfrutatuko dute mendizaleek.
Urriko azken irteera, urriaren 23an izango da, Elamako burdinola eta meategien ingurua ezagutzeko. Oso ibilaldi erraza izango da, aldapa askorik gabe eta oso interesgarria Artikutzaren alde ezezagunena eta industrializatuena ezagutzen hasteko.
Ibilbide honetan Elama Burdinola zaharra eta inguruan dauden meategien arrastoak ezagutuko dituzte mendizaleek. Basoak eta errekastoak zeharkatuz, Artikutzaren historia eta errekurtso naturalei buruz hitz egiteko zenbait parada egingo dira. Oso ibilbide interesgarria historia eta natura ezagutzeko. Ibilaldi hau egiteko, hegoaldeko sarbidean jarriko dute hitzordua, Arriurdiñetako harrobian.
Izen-ematea
Interesaturik bazaude hona hemen jakin beharrekoa: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euros eta 16 urtetik gora, 3,14 euro.
Izena emateko azken eguna ibilbidea egingo den asteko ostirala izango da eta egun horretan bertan telefonoz konfirmatuko dira izen emateak. Horretarako, 679 613 016 telefono zenbakira deitu behar da, (edo whatsapp bidez).