Oiartzun
'Euskara zu zara' lelopean, Mintzalagun egitasmoa abiatuko du AEK-k Udalari eskerIkasturte honetan, Intxixuko AEK-k eta Udalak Mintzalagun egitasmoa jarriko dute abian. Euskaldunon sarea indartzea dute helburu: egunero hizkuntzan trebatzen diren, praktikatzen duten eta euskaraz bizi diren guztien sarea; hots, euskararen komunitatea.
Publicidad
«Norbanakoek duten eragiteko ahalmena eta hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina; gure herritar askorena» adierazi dute. Izan ere, Oiartzun udalerri euskalduna izan arren, herritarren erdiak baino gutxi gehiagok, %53,3k, darabilte euskara egunerokoan; hori diote azken soziolinguistika datuek. Hortaz, errealitate horretan eragin nahi dute, eta horretarako «bere garaian aktiboak ziren mihi horiek berraktibatzeko gune eta uneak» sortu.
«Mintzapraktika-programetan ez dago, ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... sortzen diren taldeetan guztiok euskaraz gustura, eroso, eta lasai aritzea da helburua, eta, hartara, euskaldunon komunitatea indartu eta saretzea».
Taldetan elkartuz, astean ordubetez euskaraz dakiten pertsonak eta ikasten ari direnak elkartzen ditu, astean ordubetez, euskara praktikatzeko. Talde bakoitzak erabakitzen du noiz, non eta zertarako bildu: dela kafetxo bat hartzeko, bidegorrian ibiltzeko, edota auzoan hizketan aritzeko. Euskara eroso bizitzea baita gakoa.
Gainera, taldeez gain, hileroko ekintzak ere antolatuko dira euskarazko aisialdia sustatzeko: asteburu pasak, txangoak, tailerrak, hitzaldiak, mintzodromoak...
«Gure herritarren hizkuntza-ohituretan eragin nahi dugu, eta honako egitasmoak bide ematen du euskara dakitenek praktikatzeko, ikasten ari direnak hobetzen jarraitzeko, lagunak egiteko zein lotsak kentzeko» nabarmendu dute. Guztiz doakoa da; Udalak finantzatuko baitu egitasmoa.
Publicidad
Herritar guztiak animatu dituzte parte-hartzera, «euskararen komunitatea indartzen eta zabaltzen jarrai dezagun».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión