Urtebete
Bai horixe ·
Holerrako oroitzapen gozo-mikatzak dakarzkigute San Jose loreek, udaberria ere iragarriz. Dena ez da koronabirusaUdaberriaren atarian gara berriro. Beti bezain zintzo, neguaren bihotzean iragarri zigun San Jose loreak, lorerik goiztiarrenak. Lore xume horrek badu zerbait berezia, bere apalean.
Manuel Lasarte bertsolari finak ere San Jose lorearen antza hartzen zion bere buruari. Hala aitortu zuen, behintzat, 'San Jose lorea' esanez bukatu zuen zortziko txiki polit batean. Barre gozoa egin genuen entzuleok; baita berarekin bertsotan ziren bertsolariek ere. Eguerdian izan zen bertso-saio hura, Zarauzko Zinema pilotalekuan, Basarri bertsopaper-lehiaketaren 1. edizioaren sari-banaketan. Andoni Egaña gaztea ere bertan zen kantari, baita Xabier Amuriza ere.
Eguna -1985eko abenduaren 15a- betiko gogoan gelditzen den horietakoa izan zen. Ez, bertso-saioagatik; ondoren jakin genuen berriagatik baizik: Mikel Zabalzaren gorpua azaldu zela Bidasoa ibaian, Endarlatsan. Berri gaizto hark mikaztu zigun bazkari osoa. Bertan zen Basarri handia ere. 'Kontrabandoan eraman zuten / kontrabandoan hil dute' kantatu zuen Amurizak bazkalondoan.
Horiek gogoan nituela zer etorriko burura eta 'San Jose lorea' zutabea idatzi nuela orain urtebete, hementxe bertan, San Jose egunez. Hura berriro irakurtzean konturatu naiz: aurreko kontu horiek denak jarriak nituen han, ama zenaren oroitzapen polit batekin batera. Hala ere, zutabearen azken lerrokada egin zait denetan deigarriena. Hauxe:
«Horrelako oroitzapen gozo-mikatzak dakarzkigute San Jose loreek, udaberria ere iragarriz. Dena ez da koronabirusa. Hemen da udaberria ere. Eta jaioko dira lore berriak, eta ekarriko dituzte fruta gozoak eta fruitu ederrak. Eta oroitzapen bihurtuko da gaurko pandemia. Eta gaur baino gehiago jakingo dugu, izurrite hau ere pasatzen denean».
Ordurako, nonbait, igarria genuen itxuragabe luzatuko zuela negua koronabisurak. Bost egun besterik ez generamatzan etxe-zuloan itxita, eta nekatzen hasiak ginen ja.
Urtebete geroago, Uztapide paregabearen bertso bat datorkit gogora. Oiartzungo plazan omen zen kantari, Saiburu, Zepai eta Krisostomorekin batera. Hauek gazteena zirikatzen gupidarik gabe, koronabisura bezain bihurri. Eta Uztapidek: Irurak nire kontra ai dira, / bat ez da nere fabore; / baiña burua azalduko det / sator-zulotik bada're.
Horixe! Guk ere burua azalduko dugu, sator-zulotik bada ere, datorren urteko San Jose lorea testigu.