Kezko hesiak ekarri ditu hizpidera Arantxa Urretabizkaiak aste honetako artikuluan. Ikean, Leroy Merlinen edo brikolaje dendetan salgai egon ez arren, ziurrenik halako hesiak edo gortinak dira gehien erabiltzen direnak, estoreen edo lorategietako heskaien ordez. Esparru militarretik omen dator hitza. Kea erabiltzen zuten soldaduek beren maniobrak ezkutatu eta etsaia ezustean harrapatzeko. Sezesio Gerran erabiltzen zuten dagoeneko; zer esanik ez I. Mundu Gerran… Orduan ez zegoen dronerik edo GPSrik. Hortik politikaren ringera egin zuen jauzi, eta geroztik, politikariei kasu egitera, kezko hesien artean bizi gara, dena baita amarru, su-jaurtigailu eta pospolo kamuflatu.
Publicidad
Enegarrenez egiaztatu dugu piromanoz inguratuta gaudela, eta kezkoak baino hesi sendoagoak jartzen dituztela beren asmo ilunen eta herritarren ongizatearen artean. Gero metaforetan galtzen dute denbora, kea gora eta kea behera, nahiz funtsean poesia eta poetak gutxietsi. Ke gehiegi arnastetik datorkigu, agian, gizartea erdibitzen duen gorrotozko jasa, hormigoizkoa bihurtu den hater kuadrilla anonimoa. Beti hurkoa gorrotatzeko prest, besteren ahalegin humanitarioak barregarri uzteko irrikaz.
Dantek haserrearen metafora gisa erabiltzen zuen kea. Ke trinkoak ikusmena itsutu, argi ikustea eragotzi, eta haserreak adimena nola lainotzen duen erakusten du. Eta gorrotolarien erruz, lanbro ozpindu horrekin ia ez dago airerik geure baitan pizten diren bazter miresgarrietarako, nahikoa lan baitugu geure gogoa kiskalketatik libratzen eta nikotina uxatzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión