Borrar
Nikolas Zendoia irribartsu Aian, eta atzean, Izeta-erdi baserria kokatzen zen eremua, bere haurtzaroa eta gaztetako urteak igaro zituen ingurunea. LOBO ALTUNA
Nikolas Zendoia

«Nire ume eta gaztetako mundua paperera pasatzen saiatu naiz»

Ostegunean idatziko du azken artikulua El Diario Vasco-n Nikolas Zendoia bertsolariak 23 urtez luzatu den kolaborazioari amaiera emanez

Igandea, 25 otsaila 2024, 01:00

Comenta

Hogeita hiru urte pasa dira Nikolas Zendoiak bere lehen artikulua El Diario Vascon argitaratu zuenetik. Aian jaio eta Zarautzen bizi den arotz jubilatu eta bertsolari honek baserriaren inguruko kontu eta istorioak hurbildu dizkie irakurleei. Hasieran hilabetero, ondoren hamabost egunero, eta azken hamar urteetan astero. «Zortziehun artikulu inguru idatziko nituen», dio. Baina horren «gustura» egin duen lan honi amaiera emateko garaia iritsi dela erabaki du, oraindik kontatu gabeko istorio asko geratu badira ere. Ostegunean, bere jarraitzaileek azkenekoz irakurriko dute Nikolas Zendoiak firmatutako idatzia, bere agurra.

Denbora honetan guztian bidelagun izan du Pello Esnal, «nire maisu eta txakur xaxatzailea» aitortzen du. «Bere laguntza eta babesari esker» iritsi dira artikuluak DV-ra, izan ere Nikolasek helbide elektronikorik ez du, ezta ordenagailurik. «Eskuz idazten dut dena». Bere kontakizunetan «errealismo magiko» bat badagoela uste du Esnalek, «Nikolasi naturala egiten zaion hori kanpotik ikusarazten saiatu naiz. Bere kontakizunetan istorio bat ikusten nuen nik, eta berari laguntzen saiatu naiz, berak ere ikus zezan», azaltzen du Esnalek.

Zarautzen bizi izan arren, Nikolas beti «mendira begira» dago, eta bere idazlanetan «baserri giroko eta auzo txikietako kontuak» islatu ditu. «Nire ume eta gaztetako mundua paperera pasatzen saiatu naiz». Idazten hasi baino lehen, gaia pentsatzen du, bitxigarria edo zuzenean bizitako egoeraren bat, ondoren paperean jasotzeko. «Kontatu dudan guztia egia da, nik ikusitakoak edo niri kontatutakoak, batzuetan jendeak gezurra dela uste badu ere», dio.

Baserri mundua eta bertsoak

Izeta-erdi baserrikoa da Nikolas (gaur egun landetxe bat eraiki dute bere familiarena izan zen lursailean). Baina hogei urte zituela Azpeitira joan zen lanera, «Xabier Arregiren aroztegira». Han ezkondu zen, baina hamabost urtetara «Zarautza bueltatzeko gogoa etorri zitzaidan eta ordutik hemen bizi naiz». Zarautzen bere aroztegia jarri zuen, «nik bakarrik», dio harro, neurrira egiten zituen altzariak, eta ondoren bere bi seme-alabek lagunduko zioten.

Baina Nikolasek izan du pasio handi bat. Bertsolaritza. «Baserrian genuen morroia bertso-kantari aritzen zen, eta berari entzuten afizioa egin nuen». Oraindik gogoan du nola Urdaneta auzoan, «Patxikuren tabernan, musean eta bertsotan aritzen ginen». Basarri bertsolaria ere ikusia da.

Esanak

Nikolas Zendoia

Bertsolari eta idazlea

Nikolas Zendoia

«Nire maisu eta xaxatzaile izan da Pello Esnal denbora guzti honetan, bere laguntza eta babesari esker idatzi ahal izan dut»

Pello Esnal

Idazlea

Pello Esnal

«Nikolasen kontakizunetan istorio bat ikusten nuen nik, eta berari laguntzen saiatu naiz, berak ere ikus zezan»

Azpeitian bizitako urte haietan hainbat bertsolari ezagutu zituen, «Lizaso, Agirre, Lazkano... garai hartan bertsoa bakarrik nuen buruan eta txapelketa guztiak jarraitzen nituen». Hainbatetan parte hartu zuen, eta «baton bat ere irabazi nuen», aitortzen du. Baina bertso eskoletan ikasitako bertsolariak agertzen hasi ziren, eta haiek «gu baino egokiagoak ziren, guk entrenamentuak tabernetan egiten genituen». Zarautzen ere bere bertso afizioari eutsi zion, eta bere aroztegian, asteburuetan, inguruko beste bertsolariekin elkartzen zen. «Mahaiari hautsa kendu eta merienda jartzen genuen». Bertatik pasa ziren, besteak beste, Andoni Egaña, «txapeldun izan aurretik», edo Iñaki Perurena harrijasotzailea, «bertsotan jarri genuen behin».

Pello Esnal, bidelagun

Bertsoak kantatzeaz gain, idazten ere hasi zen. Eta hain zuzen, bertso-paper lehiaketa bat irabazi ondoren iritsi zen El Diario Vasco-n idazteko aukera. «2000 urtean Lazkao Txiki bertso-paper lehiaketa irabazi nuen 'Baserriko errosarioa' lanarekin, eta Pello Esnalek Felix Ibargutxi kazetariari bidali zion lana ea argitaratu zitekeen», gogoratzen du. «Baina bertso-sorta hori ea prosara bihurtu zitekeen eskatu zidan Felixek, eta horrela egin nuen». Bi astetara beste idatzirik bidali zezakeen eskatu zioten, eta ordutik, «Pello eta Felix Ibargutxi izan dira, bi toreatzaileak», kolaborazioa hau posible egin zutenak. «Zerbait asmatuko dugu hemendik aurrera», esan zion Pellok.

Hain zuzen, hogeita hiru urtetako ibilbide honetan Pelloren «laguntza» eta «babesa» ezinbestekoa izan dela onartzen du Nikolasek. Aspaldidanik dira lagun. Aian irakasle izan zen Pello eta 1984an Zarautzera joan zen bizitzera. Bizilagunak ziren (bata bigarren pisuan bizi zen eta beste hirugarrenean), baina hilabeteak igaro ziren elkar ezagutu zuten arte. «Laurgain parkean, Aian, topo egin genuen, eta nik bertsolaria ote zen galdetu nion, izan ere bere aurpegia ezaguna egin zitzaidan», gogoratzen du Esnalek. Nikolasen aroztegian bertsotan aritutakoa da Pello, eta ordutik harreman estua dute.

Nikolasen idatziak faltan botako dituen horietakoa da Pello. «Bere garaiko mundu hori joan zaigu, eta berak hurbildu egin digu, Nikolasi naturala egin zaion era batetan», dio. «Gertuko kontuak dira, duela 60 urte jazotako gertaerak izan arren». Gipuzkera batuan idatzi ditu istorio hauek, eta erabili dituen hitz asko galtzen ari direla ohartarazten du Pellok. «Bitxikeria asko daude bere kontakizunetan, gure historiaren zati bat dira».

Ostegunero asko izan dira Nikolasen artikulua irakurtzeko prest zeuden irakurleak, Ordiziako azokaren kronikaren azpian joan dena azken urteetan. «Jarraitzaile asko ditut, eta hori eskertzekoa da», onartzen du idazleak. «Batek baina gehiagok galdetu izan dit kalean kontatutakoari buruzko zerbait, eta hori eskertzekoa da». Sentitu duen gertutasun horrek animatu du, neurri handi batetan, idazten jarraitzera.

Baina oraindik gauza asko kontatzeko badituela aitortu arren, lan honi agur esateko garaia iritsi dela erabaki du. «Gogoa badut, baina nekea ere. Begiak nekatu egin zaizkit». Laurogeita hiru urterekin, «norbaitek aitona horrek zer egiten duen pentsatzen ariko da...». Eta agur esaten jakin behar dela uste duen horietako da Nikolas. «Hasten den gauza bakoitzak amaiera behar du bere garaian».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Nire ume eta gaztetako mundua paperera pasatzen saiatu naiz»

«Nire ume eta gaztetako mundua paperera pasatzen saiatu naiz»