Lazkao Txikiren kotxean
«Usted no ha visto el Stop?», galdetu zioten behin guardia zibilek. «Al Stop sí, a ustedes no», erantzun berak. Seinalez jositako bidean goaz gu ere irailean
Hasi da iraileko aldapa. Urtarrilekoa baino dezente gogorragoa. Hortxe goaz, goruntz, presaka. Bidean ordea inoiz baino seinale gehiago aurkituko ditugu. Lehenengoari kasu egingo diogu, baita bigarrenari ere. Bakarren batek hiru aldiz ere aldatuko du bere inertzia tentela ustezko ongizate orokor baten mesedetan. Baina hortik aurrera... libre, bakoitzaren kontzientziak uzten duen neurrian. Lazkao Txikiren autoan goaz gu ere. Harek behin Stop bat pasa omen zuen gelditu gabe eta Guardia Zibilak ikusi ondoren altoa eman zion. «Buenos días. ¿Usted no ha visto el Stop?». Eta Joxe Migelek: «Al Stop sí, pero a ustedes no». Bada, birusa ere ikusi ez da ikusten. Ezta kontzientzia ere.
Publicidad
Stop hura saltatzerakoan Lazkaomendin jaio eta, berak esaten zuen moduan, inon hazi ez zen artista handi hark ez zion noski inori kalte egin nahi. Ez zion egingo gainera. Baina, non jarri muga? Hor dago koska. Eta hemen ere ez dago erantzun zehatzik. Segurtasuna eta bermeak nahi eta exijitzen dituzten horiek jai dute garai hauetan. Bakoitzaren arduraren garaia da, ez kanpotik emango dizkiguten konponbideen zain egotekoa. Ez gaur Gernikan lehendakari kargua hartuko duen horrek, ezta bera gorestera hurbilduko diren beste guztiek ere ez digute egoera zail honetatik ateratzeko giltza magikorik emango. Ez dute, Hezkuntza arloko sindikatuek baietz pentsatzen badute ere.
Gauzak horrela, Lazkao Txikik egun hartan kotxean zeraman lagun bakarrari kasu egin beharko diogu. Kontzientziari alegia. Bi bertso gogoangarri bota zizkion 1967ko Txapelketa Nagusian lagun horri. Horiek entzunda ez da aparteko azalpenik behar ganbaran armiarma sare artean utzita daukagun gailu hori zer den ulertzeko. «Kontzientzia, ongi pentsatu, ain degu gauza bat miña/sentitutzen duenantzat ez da oso gauza atsegiña/berandu ero goiz oroitzen da norberez bada bat fiña/kezkaz beteta gelditzen baita iñori gaizki egiña». Zu bai zinela fina Joxe Migel. Baina ez gara denak zu bezalakoak. Pandemiaren datuak horren lekuko. Hala ere, segi, segi kantuan, ea baten bati buruko argi hori pizten zaion. «Kontzientzia nolakua dan etzaiteztela atzendu/gizonak nola bizi bear dun ederki erakusten du/premi danari lagundu eta iñori ezer ez kendu/lege bearrik ez genduke guk hori beteko bagendu». Orain askoz argiago geratu da.
Inork ez digu egoera hau gainditzeko bermerik emango, Hezkuntza arloko sindikatuek hala uste badute ereLege beharrik ez genduke kontzientzia izango bagendu, Lazkao Txikik ondo esan zuen bezala
Hamar egun barru beteko ditu 94 urte bertsolariak, mundu honetatik joan zen arren bizirik irauten baitu, eta iraungo, bere maisutasunak. Kanpokoak baino dezente gehiago estutzen zuen hark bere burua. Joxe Mari Aranalde apaiz eta bertsolari adituak ondo ezagutu zuen Lazkao Txiki eta halaxe idatzi zuen: «Bere buruarekiko eta bere egoerarekin ere sufritzen zuen. Gehiegitan haserretzen zen bere buruarekin. Sentikor samarra ere bazen, eta gauza askorekin minberatzen zen». Hori bai, kanpora begira beti laguna alaitzeko prest. Ez zuen gaur tristura eta kezka banatzen ari diren horien antzik. Ez eskola hasi orduko umeak konfinatzeko beharra izango dutela iragartzen ari diren horien antzik, ezta ekonomia hondoratu egingo dela behin eta berriro esanez benetan hondoratzeko arriskuan jartzen ari diren horiena ere. «Ni nola naizen aitortutzea askotaz ere hobe da/triste egon arren alai itxuran beti ibili norbera/eta pentsatu holaxen dala Txiki honen izaera:/Pena guztiak barruan gorde ta umorea atera». Hala komeni.
Ez da erraza ordea. Ama bati berak seme-alabei tenperatura ez diela egunero hartuko entzun diot parkean. Handik gutxira lau familiarekin batera lagun artean afaltzera joateko gonbitea jaso dut, ama hori bertan egongo delarik. Eta bi arduragabekeri hauen inguruan hausnarketa egiten ari naizela Hezkuntzan greba deitu dutela jakin dut, bermerik eta segurtasunik ez dagoelako ikasgeletara bueltatzeko.
Publicidad
Jakintsua izatea zer den galdetu zion behin Iñaki Muruak Lazkao Txikiri. «Joandako lekuan egoten jakitea», erantzun zion. Eta Albert Einstein aitatu omen zion, gauza batean munduko onena izanik ere, beste gauzetan inutila izan zaitezkeelako. Toki bakoitzean egoten jakin. Eta zenbait tokitan ez egotea ere. Ea lortzen dudan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión