'Korri, punpa, ttak', 2020ko Kilometroak jaiaren leloa
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolari egokitu zaio antolatzea 2020ko jaialdia; iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituen leloa aukeratu dute ikastetxeko kideek eredu berriaren lehen jairako
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako kideek 'Korri, punpa, ttak...' leloa aukera dute 2020ko Kilometroak jaialdirako. Atzo, hilak 15, leloaz gain, logoa ere aurkeztu zuten. Pilota batean oinarrituta dago, baina ikastolarekin lotzen dituen ukituak ere baditu. Aurkezpenean parte hartu zuten, ikastolako ikasle, irakasle, langile eta gurasoekin batera, herriko agintariek, Gipuzkoako ikastoletako ordezkariek eta hamaika lagun gehiagok.
Villabonako Olaederra kiroldegia egindako aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Juan Kruz Igarabidek, Villabonako abesbatza nagusiak eta txikiak eta beste aktore batzuk parte hartu zuten. «Euskara, euskal kultura, etorkinak, emakumeak... horrelako baloreak lantzeko istorio prestatu dugu eta hau izan da aurkezpenaren mezu garrantzitsuena», azpimarratu zuen Nerea Zumeaga Zubimusu ikastolako zuzendari gerenteak, ekitaldia eta gero. Villabonatarrak esan zuenez, «Juan Kruz Igerabidek prestatu duen istorioa da eta bertan, Pedro Mari Otañoren figuraren aitortza jasotzen du. Istorio horren mezuak dauka indarra. Oso sinbolikoa da, baina garrantzi berezia du. Euskara eta euskal kultura dira ardatz nagusiak aurkeztu dugun istorioan. Amasa, Villabona eta Zizurkilgo ume batzuk dira protagonista eta Otañon oinarrituta dago istorioa».
Zumeagak azaltzen zuenez, «istorioak leloak bezala, iragana, oraina eta etorkizuna lotzen ditu. 'Korri' iragana da, 'punpa' pilota batek pareta jotzen duenean ateratzen duen soinua, orainaren isla da eta 'ttak', berriz, etorkizunarena. Leloaren zati bakoitzari lotuta ipuin bat dago, zati horri erantzunez. Kilometroetako eredu berria ere lotu nahi dute, horrela, urteko jaialdia eta urtean zehar Gipuzkoako ikastolek antolatuko dituzten hitzorduekin. «2020ko Kilometroak ez baita Amasa-Villabonako jaia bakarrik, Gipuzkoako ikastola guztien jaia izango baita».
Bideo baten bitartez beste ikastolak gogoan izan zituzten atzo Villabonako kiroldegian, jaialdiaren eredu berrian protagonista izango baitira. Zumeagak azaltzen zuenaren arabera, «Errenteriako Oreretako ikastolakoak agertzen ziren dagoeneko itxita baitago antolatuko duten jaialdi 'txikia'».
Jaialdi txiki hauen helburu nagusi labur esanda, villabonatarraren esanetan, «Kilometroak ekintzaren eredu berriak bilatzen du hasierako Kilometroetako nortasuna ekarri nahi du gogora, ikastolaren nortasunera bueltatuz eta beste Gipuzkoako ikastola guztien jaialdia izatea da».
«Ardura eta ilusio handia»
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak «650 ikasle, 400 famili baino gehiago eta 50 langile inguru ditu gaur egun. Gogotsu dagoen ikastola ertaina gara», zion Zumeagak. «2020ko Kilometroak antolatzea ardura handia da, baina aldi berean, gogo handiarekin hartu dugu eta ilusio handiarekin hartzen dugu eta eredu berri honekin antolatzeko erronkak ere interesa handia sortzen digu».
Zubimusu ikastolako lagunentzat atzoko ekitaldia logoaren eta leloaren aurkezpenerako izan zen hurrengo hilabeteetan burutuko dute 2020ko Kilometroak lehen hitzordua. Atzokoak hasiera eman zion Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolako kideentzat berezia izango den erronkari. Ilusio eta gogoz heldu diote Kilometroak eredu berriarekin antolatzeko erronkari Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolako kideek. Horien artean asko ikasle ohiak dira. Zumeagak zionez, «konpromiso maila oso altua da gure artean. Pertenentzi sentimendu hori oso errotuta dago guretzako guraso eta ikasle ohien artean eta hori oso garrantzitsua da». Guraso eta ikasle horiek ikastolarekin konpromisoa dutela garbi gelditu zen atzokoan, ikuskizun ederra prestatu baitzuten.
Aurkezpena eta gero, «asteburu honetan hasiko gara arropa salmentarekin eta astelehenetik aurrera denda ere martxan egongo da. Hor ere lan handia egin beharko da. Beno, dagoeneko egin da lan handia eta asko otsailetik hona. Ikusten ez den lana da orain arte egin duguna, baina jendeak gustura ekin dio».
Iritsi zen 2020ko Kilometroei hasiera eman zion ekitaldia. Lehen urratsa eman zuten atzo Zubimusukoek eta aho zapore onarekin gelditu ziren. Erronka lortzeko bideari hasiera eman zioten eta garbi gelditu zen gogoz ekin diotela.