Las diez noticias clave de la jornada
Argazkitik kenduko zirela uste genuean baina... Bai zera! IÑIGO ROYO
Pandemiatik gerrara

Inteligentzia

Klima aldaketari buruzko goi bilerak eta Jon Rahm golflariaren erabakiak agerian uzten dute zein den egungo gerrarik handiena: irudia edukiaren kontra

Gaizka Lasa

San Sebastián

Sábado, 9 de diciembre 2023, 01:00

Hamar bat urte pasatu dira politikari batek iragarpena egin zidanetik.

Publicidad

– Hau aldatzen ari da, Gaizka. Gizartea gure aurretik doa. Politika egiteko modua eraldatzen ari gara. Orain artekoak ez digu balio. Argazkian eta lerroburutan ateratzeko joera hori bukatu da.

'Excusatio non petita, accusatio manifesta', pentsatu nuen nire artean. Ez pentsa, sinesgarria ere ematen zuen diskur-tsoak, berak sinesten zuen hain seguru ez banago ere. Gremioak behintzat ez du guztiz barneratu. Pilotako Lau Terdiko Txapelketaren finalean gogoratu nintzen bere hitzetaz. Sari banaketan hain zuzen ere. Hiru pilotarirentzat prestatuta zegoen omenalditxoan beste hiru gonbidatu sartu ziren. Txit agurgarriak hirurak ere, izerdi tantarik bota ez bazuten ere. Erakundeen ekarpena irudikatzeko lehenengo argazki batean azaltzeak bere logika zeukan. Baina segundoak aurrera egin ahala, argazkilarien tiroak pasatu ahala, eta txalo zaparrada egonkortu ahala, hirukotea geroz eta sendoago finkatu zen podioaren azpian. Ez bazter batean. Aurre-aurrean. Oharkabean seguraski. Hiru emakumeak kanpin-denda ateratzekotan zebiltzala, Altuna, Peio Etxeberria eta Peña II.a jaitsi egin ziren euren kaxoitik eta arrakastaren eszenatokia utzi zuten. Orduan bakarrik alde egin zuten Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Kirol saileko foru diputatuak; Arantxa Tapia, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Lazkao Txikirentzak inteligentea ez zen liburu asko irakurtzen zituena, toki bakoitzean egoten zekiena baizik

Lazkao Txikik inteligentziaren definizio mamitsua utzi zigun. Harentzat ez zeukan liburu asko irakurri izanarekin zerikusirik. Toki bakoitzean egoten jakitea zen berarentzat gakoa. Tokian tokiko egoerak eskatzen zuena egitea alegia. Akaso inteligentzia artifizialak aginduko zien hiru andereei han egoteko. Besteak ez behintzat. Entzutea eta isilik egotea bezain zaila egiten zaigu batzutan paretik kentzea. Inauguratzeko urtegirik ez da egiten iada eta politika zaharrak eremu berritzaileak behar ditu nonbait. Hauteskundetarako hautagaien dantza hasi zaigun honetan, hamaika ikusteko gaude ondorengo aste eta hilabeteetan. Edukiak oraindik ere irudiari ez dio guda irabazi. Hara hor benetako gerra. Irudia eta edukia aurrez aurre. Bi indar hauen arteko gatazka gaiztotu egin da, esaterako, Dubain egiten ari diren COP28 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bileran. Dubain, bai. Planetan barrena ezin txoko ekologiko eta naturalagorik aurkitu. Hizketagai dagoenarekin erabat lerrokatuta dagoen egoitza. Haruntz, Saudi Arabiara zehazki, egingo du Jon Rahm golflariak, albistea jakin orduko argi utziz ez dela diru kontuagatik izan golfaren osasunarengatik baizik. Berriz ere talka berbera. Edukia eta irudia. Bejondeiola gizonari, baina Lazkao Txikiri kasu egin eta izan dadila hurrengoan inteligenteago. Oparotasunean egoten ere jakin egin behar. Bide batez hilabete bukaerara iritsi ezinda dagoenari edota giza eskubideen alde borrokan dabilenari errespetu gehixeago izango balio...

Baina okerragoa da oraindik Ekialde Hurbilean gertatzen ari denaren aurrean egoerak eska-tzen duen irmotasunik azaltzen ez duenarena. Goi bilera asko. Bidai ugari. Nahikoa bazkari eta afari. Irtenbiderik ez. Ezta nahi ere. «Lurreko urte labur auetan ainbat naigabe ta pena/ sinismen danak galdu ziran da au da orain ondorena/ Kezka gogor bat daukat aspaldi itsatsirik daukatena:/ armetan erabakiko dala izketan ezin leikena». Basarrik esan zuen eta halaxe da.

Inauguratzeko urtegirik egiten ez denez, politika zaharrak eremu berritzaileak behar ditu hauteskunde bezperetan

Eta egoten jakite horretan, Euskal Herrian egoten ere jakitea tokatzen zaigu. Ez Euskararen Egunean edo Landakoren sorginkeriaren eraginpean gaudenean bakarrik. Baita aurpegi txarra jartzen digutenean ere. «Euskeraz izan oi dira beti gure izketa xamurrak/ ori en-tzunaz jartzen dituzte iru metroko muturrak/ Gero gañetik gaizki esaka urratu arte zintzurrak/ ementxe gaude geure lurrean itzegiteko beldurrak». Ulertzen hain zaila ere ez da. «Gaztelera, frantzesa, inglesa bestea, ta obe alemanez lenbailen astea. Gauzik ederrena da danak ikastea, bañan ez nork berea zokoan uztea». Hau ere Basarrik esana. Amen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad