Ia 350.000 biztanleko lurgunea osatuko du UEMAk
Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri mankomunitateko kidea izatea berretsi du Orion egindako Batzar Nagusiak
Pasa den martxoan ekitaldi berezia antolatu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 100 udalerrien langa gainditu zuela ospatzeko eta urte luze hauetan -1991n sortu zen- egindako lana eskertzeko. 'UEMA 100 udal eta hamaika gehiago' lelopean antolatutako eguna apenas igarota zuzendaritzatik nabarmendu zuten lurgune ahalik eta zabalena eraikitzea eta udalerri gehiago gerturatzea zela erronka.
Esan eta bete, larunbat honetan Orion egindako Batzar Nagusiak Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko udalek luzatutako eskaria onartu baitu. Era honetara, 107 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Herri berrietako alkateek eta zinegotziek hitza hartu dute, bai batzar nagusian eta baita amaieran ere, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Batean zein bestean, lanerako beharra, gogoa eta ilusioa aipatu dute. Udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra sumatzen dute guztiek, eta UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dutelakoan gustura agertu dira mankomunitatera gehituta.
Erabaki horretaz gain 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: hamar herri gehituta UEMAk izan duen hazkundea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuak izandako harrera ederra; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenaren baitan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa-lerroari emandako bultzada eta garrantzia.
2024ko egitasmoen artean, berriz, hainbat nabarmendu dituzte. Honakoak, beste askoren artean: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.
35 urteko lana
Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez.