«Gaur hasten da benetako erronka»

Gipuzkoa osoan zehar ospatu zen atzo Euskaraldiaren agurra, baita Euskararen Nazioarteko Eguna ere

Giro bikaina bizi izan zen atzokoan Lazkaon Euskaraldiaren agur egunean./Ainara
Giro bikaina bizi izan zen atzokoan Lazkaon Euskaraldiaren agur egunean. / Ainara
DV

Euskaraldiari agurra eta Euskararen Nazioarteko Eguna. Bi ekimenak ospatu ziren atzo Gipuzkoako eskualde guztietan.

Legazpi. Agur bikoitza bizi izan zuten atzokoan legazpiarrek. Izan ere, Euskaraldiaren amaierarekin batera, euskararen alde herrian hamaika urtez lanean ibili den ZingiZango elkartearen azken agurra ere izan zen, dio Cristina Limiak. Hala, arratsaldean kale Nagusian egindako ekitaldi hunkigarrian, bertsoak, gogoetak eta eskertzak nagusitu ziren. Dena dela, bi ekimenek mezu bera helarazi nahi izan zuten: ez dute euskararen aldeko ibilbidea amaitutzat jotzen, alderantziz, orain lekukoa legazpiarrei pasatzen diete. Urteko 365 egunetan euskaraz bizitzearen erronkarena, alegia. Eta apustu horri indar berria eman dio Euskaraldiak. 1.386 legazpiarrek parte hartu dute ariketa berri honetan, 1.104 Ahobizi eta 282 Belarriprest.

Arrasate. Dantza, musika, pailazo eta txokolate beroarekin esan zioten agur Euskaraldiari. Ehundaka haur eta heldu bildu ziren atzokoan Herri plazan 'flashmob' erraldoia dantzatzeko zirimiripean. Ondoren Potx eta Lotx pailazoak 'Agur Euskaraldia' ikuskizun laburra taularatu zuten. Olatz Salvadorrek itxi zuen ekitaldia kontzertu ederrarekin, azaltzen du Kepa Olidenek. Udalak ere, bat egin nahi izan zuen egunarekin, euskararen aldeko adierazpena irakurriz eta, besteak beste, euskal herritarrei eskatuz «euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea». Arrasaten 11 egunez 975 Belarriprest eta 2.408 Ahobizi aritu dira ariketa sozial honetan.

Lazkao. Festa giroan aritu ziren atzo Euskaraldiaren azken egunean herrian. Bertan ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Kantujira, jolasak eta erromeria antolatu ziren, Ainara Alarciak nabarmentzen duenez. Parte hartzaileek argi zuten Lazkaon: «Euskaraldia ez dira 11 egun bakarrik, hamabigarrenean hasten da benetako erronka».

Tolosa. Ehunka izan ziren atzo Plaza Zaharrera gerturatu zirenak. Galtzaundi Euskara Taldeak deituta, Euskaraldian parte hartu duten Belarriprest eta Ahobiziek elkarretaratzea egin zuten, euskararen aldeko adierazpena irakurri, eta talde-argazkia atera zuten 'Euskarak 365 egun' lelopean. Ondoren, Euskaraldiari buruzko iritzi bilketa egin zuten egitasmoak zer nolako eragina izan duen aztertzeko. Euskaraldiaren datuak positiboak izan dira Tolosaldean; guztira, 8.100 herritar bildu ditu, eta Tolosan 3.500 pertsonek eman dute izena. Era berean, egitasmoan parte hartzeko baldintza nagusia izan da 16 urtetik gora izatea eta euskara ulertzea, eta baldintza hori betetzen duen biztanleriaren % 25ak hartu du parte, eta hiru tolosarretik bi izan dira emakumezkoak, dio Elene Arandiak. Ariketa soziala egin ostean, Tolosa baikor sentitzen da etorkizunari aurre egiteko, herritarren % 85ak euskara jakin eta gaitasuna duelako euskaraz bizitzeko. Erabilera %50ekoa da, eta datua hobetzea du epe laburreko jomuga.

Ehundaka haur eta heldu bildu ziren Arrasaten 'flashmob' erraldoia dantzatzeko zirimiripean

Tolosan herritarren %85ak du gaitasuna euskaraz bizitzeko, erabilera, berriz, %50ekoa da

Irun. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekimen antolatu ziren. Goizez, Mendibil Merkatalgunean, Mintzodromo batek hainbat ikasle bildu zituen. Baina arratsaldez bizi izan zen jai girorik onena, Iñigo Morondok dioenez. Haurrak izan ziren gehien disfrutatu zutenak. San Juan plaza umeentzako jolas parke bat bilakatu zen hainbat eraikin puzgarrirekin. Gero musika eta festa izan ziren nagusi Xaiborrek gidatu zuen Zortzikotxikia diskofestarekin; euskal musikatik hasita, egungo nazioarteko abesti arrakastatsuenetaraino hurbildu zena.

Zarautz. Euskaraldiaren amaierako manifestua irakurri eta ariketan zehar izan diren bizipenak partekatzeko atzo iluntzean Antoniano aretoan elkartu ziren herriko Ahobizi eta Belarriprest izan diren herritar batzuk, azaltzen du Juan Mari Zubiaurrek. Azken 11 egunetan Zarautzen Euskaraldian 4.554 pertsona aritu dira euskararen alde hizkuntza ohiturak aldatzen. Atzo azken eguna izan zen baina ariketak jarraitu egingo duela adierazi zuten bertaratutakoak, hizkuntza ohitura horiek mantentzea baita denen helburua. «Zarauzko 3.832 Ahobizi eta 722 Belarriprest horien konpromisoak bere eragina izan du herrian, mantendu dezagun sortu den mugimendua euskararen erabilerari bultzada ematen jarraitzeko», esan zuten antolatzaileek.

Eibar. Bihotzgoxo izan da hirugarren rola Euskaraldian. Untzaga plazan zabaldutako bi mahaietan horma-irudi bikoitza antolatu zen 'Hau hasiera besterik ez da' leloarekin. Pixkanaka Ahobizi, Belarriprest zein Bihotzgoxo izan direnak pegatinak gehitu eta beraien esperientziak paperetan idazten joan ziren, nabarmentzen du Felix Morquechok. Horma-irudiak zintxilikatuz amaiera eman zitzaion Eibarren 3.735 partaide izan duen ariketari.

Gehiago

 

Fotos

Vídeos