Arrate Illaro: «Euskararen erabilerak ariketa honen bultzada behar zuen»

Arrate Illaro./LOBO ALTUNA
Arrate Illaro. / LOBO ALTUNA

Pozik azaltzen dira Euskaraldiaren antolatzaileak lortutako oihartzunarekin: «Ekimen honek eragina izan du gizartean»

I. M.SAN SEBASTIÁN.

Argi dauka Arrate Illarok, Euskaraldiaren lehen balorazioa «oso positiboa da». Hala ere, datorren udarara arte itxaron beharko dugu ariketa honek gizartean izan duen eragina jakiteko.

- 'Euskaraldia, 11 egun euskaraz' ariketa soziala bukatu egin da. Zein da egiten duzuen lehen balorazioa?

- Oso gustura gaude eman duenarekin. Esan dezakegu lortu dugula gizartean euskarari buruzko gogoeta bat bultzatea. Jendeak bere hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa egin du, hori kalean ikusi dugu, eta inertzia batzuk astintzen hasteko beste pauso batzuk emango direla uste dugu Euskaraldiari esker. Datorren hilabeteetan egin behar dugun ikerketak esango digu zer nolako eragina izan duen ekimenak, udaran ezagutuko ditugu emaitzak. Baina uste dugu Euskaraldiak balio izan duela barruak astintzeko.

- Uste zenuten baino jende gehiagok parte hartu al du?

- Esango nuke uste baino harrera hobeagoa eduki duela ekimenak, bai. Ez genuen espero proiektua hasi zenean 220.000 herritarrek parte hartuko zutenik. Aitortu beharra dut ez genuela espero Euskal Herria osoan proiektua egiteko ahalmena edukiko genuela, 405 udalerritan ariketa egitea. Harrera onaren lehen txinparta hori izan zen. Eta horren ondorioa izan da pasa dena, ez bakarrik hainbeste herritarrek izena ematea, baizik eta ariketa egitea egin den bezala. Oso ondo baloratzen dugu. Jakinda ere egun hauetan egindako ariketa ez dela bakarrik iritsi 220.000 herritar horiengana, praktikan Ahobizi eta Belarriprest guztiek bere inguruko jende guztiarekin egin dute euskaraz eta beraz, hedapena askoz zabalagoa izan da.

- Beraz, inertziak astindu dituzue.

- Ahobizi eta Belarriprest bezala jokatu dugunean gogoeta egin dugu gure ohiturei buruz. Konturatu gara ditugun jokabide batzuetaz eta saiatu gara horiek eremu batzuetan aldatzen. Aldaketa hori egitera joan garenean, gure inguruko hiztunekin egin dugu ariketa hori. Beraz, gainontzeko kideengan, Ahobizi eta Belarriprest izan edo ez, ekimen honek eragina izan du. Ikerketak esango digu zenbateraino eragin duen, baina iruditzen zaigu baietz, eragina hor dagoela. Handiagoa edo txikiagoa den datorren hilabeetan jakingo dugu. Baina lehen balorazioa oso ona da.

«Uste genuena baino harrera hobeagoa eduki du Euskaraldiak gizartean 11 egunetan»

- Bizigarri bat behar zuen euskarak?

- Egia da erabilera datuek esaten digutela azken urteetan garapenik ez dela egon, edo garapena oso txikia izan dela. Euskarak horrelako bultzada bat behar zuen. Beste zerbait egiteko beharra genuen. Euskaraldiak izan duen harrera ona horren senaile da, bagenuen beste zerbait egiteko beharra. Egin den herrietan ilusio bat sortu da eta bai, behar dugu beste zerbait, ez dakit euskarak berak baina bai erabilerak.

- Egingo duzuen ikerketaz askotan ari zara. Zertan datza?

- Euskaraldiak zer nolako eragina izan duen jakiteko ari gara lanean eta horretarako ikerketa egin behar dugu. Udan jakingo ditugu emaitzak. Euskaraldian izena eman zuten herritarrei galdetegia bidali genien ekimena hasi aurretik eta beraien hizkuntza ohiturak jakin nahi genituen, zituztenak izena emateko momentuan. Orain, ekimena bukatu eta gero, lehenengo galdetegia bete zuten horiei bigarren galdetegia bidaliko diegu, ez parte hartzaile guztiei, lehenengoa bete zutenei soilik. Eta hor ikusiko dugu orain bere hizkuntza ohiturak zeintzuk diren, Euskaraldia bukatu ondoren. Eta hiru hilabete barru, azken galdeteka egingo da, beste biak erantzun dituzten artean. Ikusi nahi dugu hizkuntza ohiturak nolakoak ziren hiru fase horietan: izena emateko garaian, azaroan eta martxoan. Hor ikusiko dugu zer nolako eragina eduki duen ariketa honek. Gaur uste duguna da eragina eduki duela. Badakigu Euskaraldiak sortu dituela aldaketa batzuk eta jakin behar dugu zenbaterainokoak izan diren

- Euskaraldia amaituta iritsi da guztion ahotan egon den 12. eguna. Gaurtik aurrera zer?

- Beti esan dugu 11 egun hauek izan direla gaurtik aurrera ere hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitu ahal izateko tresna batzuk jasotzeko aukera. Ahalduntzen ariketa bat egiteko, gogoeta probokatzeko eta inertzia horiek astintzeko lehenengo pasuak hasi ditugu. 11 egun hauetan egin duguna da abiatzea, gaurtik aurrera ariketa honek praktika gehiago beharko du, argi eta garbi.

 

Fotos

Vídeos