Eibarko Udalaren aurkako epaiak «hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan» sakontzen duela salatu dute

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko ...eta kitto! euskara elkarteak ebazpena 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen dela azaldu dute

J. A.

Jueves, 25 de abril 2024, 15:01

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko ...eta kitto! euskara elkarteak Eibarko Udalaren aurka emandako azken sententziak «hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan» sakontzen duela salatu dute. Azaldu dutenez, ebazpena 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen da. Era berean, babesa adierazi diote Eibarko Udalari eta sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala azkeneraino eraman dezan animatu.

Publicidad

Bi eragileek sinatutako oharrean «euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judizialean» kokatu dute udaltzain bat 1992tik hizkuntza eskakizuna zuen lanpostu baterako euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharretik salbuesten duen epaia, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak pasa den astean jakinarazi zuena. «Auzitegia juridikoki eztabaidagarria da eta, ondorioz, azkenaldian herritarrok jasaten ari garen hizkuntza eskubideen aurkako doktrina indartzen du», ziurtatu dute.

Halaber, epai beraren arabera, 2017tik Eibarko Udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso ditu herritarren hizkuntza eskubideen urraketei lotuta, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian ere herritarren hainbat salaketa jaso dira.

«Kontuan izan behar da kexa hauek errealitatean ematen diren urraketen lagin txiki bat besterik ez dutela ordezkatzen, askoz gehiago baitira urraketak salatzera animatzen edo ausartzen ez diren herritarrak. Gainera, segurtasun publikoa da hizkuntza eskubideen bermeak garrantzia berezia hartzen duen arloetako bat, osasungintza eta justiziarekin batera, herritarraren hizkuntza eskubideen urratzeak bestelako giza eskubideen urraketa eragin baititzake», azaldu dute.

Bestalde, gogoratu dute administrazio publikoak duela herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra eta horretarako ezinbestekoa dela langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea, eta hori bi modutara egin daitekeela: lanpostuei gutxieneko hizkuntza eskakizunak jarriz, eta jada lanean dauden langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskainiz.

Publicidad

Azken horri lotuta, erakundeok uste dute administrazioak bermatu behar duela langileek euskara ikasteko eskaintzen zaien formakuntzaren «aprobetxamendu egokia» egiten dutela, eta, bestalde, langile publikoek ulertu behar dutela «beren lanpostuaren funtzioak egoki betetzeko ezinbesteko formakuntza» dela, «administrazioak ordaindutako euskara ikastaroak aprobetxatzen ez direnean, herritarren zein langileen eskubideak urratu eta baliabide publikoak xahutzen baitira».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad