«Zenbat gauetan ez ote zitzaizkidan ametsetan etorri gaiztakeriarik eta intrigarik ezagutu gabeko egun haiek, artean uste nuelarik Erroma beso atsegineko hiria zela, eta ez izurrite moral hau, non boterea eta diru-gosea diren nagusi». Esku artean dudan José Carlos Llop poeta mallorcarraren hitzak dira, 'Denboraren kontsula' izenburuko poematik hartuak. Poesiaren indar iragarlea ala historiak ziklikoa izateko duen tema itsua? Marko Aurelioren hitzak direla esanez gero, haren ahotik ateratakotzat joko genituzke arazo handirik gabe. «Meditazioak» lanean hainbat aholku utzi zituen bizitzeko eta hiltzeko, zuzen jokatzeko eta alferrikako zaratatik urruntzeko, eta denborak ez ditu oraindik herdoildu. Botere kontuetan dabilen edonork kontuan hartzekoak dira. Esaterako: «Mendekurik onena kaltea eragin zuenaren desberdina izatea da».
Giza izaerari buruzko esperientzia duen edonork, pelikula jada ikusiak bezala ikusten ditu bizitzako gertaera mila bider errepikatuak, eta ezinezkoa zaio serio hartzea gizakien seriotasuna eta keinu arranditsuak. Lehen aldiz egindako keinuak indar berezia du; asperduraraino errepikatzen denak, berriz, umorea ernetzen du keinuaren sabelean. Historia bi aldiz errepikatzen omen da, tragedia gisa lehenik, fartsa gisa hurrena. Eta errepikatzen jarraitzen du, inoiz ondo ateratzen ez den harraldi zinematografiko sisifotar bat bezala. Llop poetaren hitzetara itzuli naiz: «Denbora bat eta bakarra da, eta ez dago paradisu galdurik, distira galdu duten begiradak baino ez».
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.