Bost milla pezetakoaren buelten zai
UrteJoan zan osteguneko prosaren amaieran esaten nuen orria bete zitzaidala eta gaur jarraituko genuela lapurraren kontuarekin.
Koska laga nuen esanaz urbano autobus txikira nola etxekoandreek karrotxaz eramaten zituzten saltzeko barazkiak, urbanoak saltokira plazara eraman zitzan San Pelaio auzoan artuta. Eta eguerdian berriz etxekoren bat joaten zala urbanora, etxekoandreak bueltan zekarzkien gauzen billa. Saldu gabeak ere ekartzen bait zituzten batzuetan. Beti ez bait zan azoka ona izaten.
Baiña Amillubi etxea, nola trenbidez Pagoeta aldetik zan eta ez San Pelaio aldetik, karrotxarik ezin zan pasa trenbidean. Oiñezkoen pasabide estua zalako. Eraikuntzetan erabiltzen zan esku-karretillan pasatzen zizkion Pakok arrebari, plazarako zeramazkien gauzak goizero. Berriro Pako eguerdian, autobus-ordua baiño ordubete bat leenago joaten zan, arreba Manolitari karretilla eramatera, autobus-geltokira, gero arrebak berak ekarri zezan karretilla bere gauzekin etxera.
Baiña ez pentsa Pako amaiketan joan, karretilla laga eta Amillubira nerekin kontuak esatera presaka itzuliko zanik. Ez, ez. Nola ezkongabea zan, andrearen txorrotxioak entzuteko kezkarik gabe bizi zan. Eta karretilla aal zuen azkarren laga ondoren, soziedadera, zast, eguneroko txakoliñera.
Oso ondo bizi ziran San Pelaio auzoko mutilzaarrak. Gaiñera, Pakok ez zeukan ezeren kezkarik. Arrebak etxeko lanak egiten zizkion. Eta berak zer? Pixka bat baratzan aitzurra erabili. Pixka bat, jakiña.
Illeko errenta zintzo ordaintzen nionez gain, sukalderako su-egur ederra nere zerra alboan izaten zuen aukeran. Tximillua ere bai, goizean sua pizteko. Zer bear zuen geiago?
Zarautzen, 'tximillua' esaten diogu. Azpeitian ikasi nuen 'txirbilla' esaten.
A, errenta zenbat? Illeko bost milla pezeta leenengo urtean. Gero, urteko milla pezeta igoaz illean. Au da, illeko bost milla pezetan asi banintzan, bost urtera amar milla ordaintzen nion. Bada zerbait, lagunok. Gaiñera, tximillu-zakuak Pakoren laguna zan Joxe Ostiasek eramaten zituen txerritegirako. Txerriak azten bait zituen Joxek.
Zergatik deitzen zitzaion, esan dedan bezela, Joxe Ostias? Bere biraoa orixe zuelako. Azkenean, erri osoak orrelaxe deitzen zion. Ez zidaten, ez, afari asko ordaindu, ez Pakok eta ez Joxek, biek ere.
Ala ere, txukuntasun osoa erabiltzen nuen Amillubi ate-jiran. Kamioikada egur kastilloa ere zuzen jasoa. Bertako ataria, San Pelaiorako eta trenbiderako pasagunea bait zan, orregatik nenbillen txukun. Kalean baiño jende geiago pasatzen zan an. Oraintxe gerturatu naiz, ba, lapurrarengana.
Gaur zortzi, pasarte batean esaten nuen ganaduak kenduak zituztela Amillubin ordurako. Zaldi gorria bakarrik zeukatela, baratza-lurrak jiratzeko. Eta jakiña: ukuillua izandako lekua, utsik.
Alajaiña, inguratu da norbait Amillubira, ukuillu artan taberna bat jarri nai dutela esanaz: Telesforoko Begoña. Bai taberna jarri ere. Kaixo, motel. Pakok ez zuen izan Santa Luziaren zai egon bearrik zaldia saltzeko. Orra dana eskura etorri Amillubi etxekoei. Zenbat balio duen etxea leku onean edukitzeak!
Gerora Zarautzen izan zan eta dan Telesforo ostatu ospetsuak Amillubiko ukuilluan eman zituen aurreneko urrats aundiak eta ederrak. Bearbada, an ostatua jarri zalako izan zan neri bost milla pezetakoa arrapatzeko bidea. Baiña ez pentsa Telesforoko Begoñari kulparik bota nionik. Ez orixe. Ni ondo konpontzen nintzan tabernakoekin.
Begira bitxikeria. Gizon boligrafo-saltzaileari ordaintzeko bost millakoa azaldu nionean:
-Jesus, gizona -berak, boligrafo-saltzaileak-. Goizean ordu auetan ez daukat kanbiorik.
-Zoaz alboko tabernara, eta Begoñak emango dizkizu -nik.
-A, bai. Kafetxo bat artuko det, gaiñera. Atoz zu ere.
-Ez, ez. Lana daukat. Eskerrik asko.
An joan zan, nik Olaetari egurra ordaintzeko neukan bost milla pezetakoarekin. Eta oraindik ez da etorri.
Nik lasai jarraitu nuen neure lanean. Tratuan geundela, telefono-zenbakia ere jarri bait zidan papertxo batean, zerbait izanda ere lasai deitzeko esanaz. Nere buruan ez zan jaio orrelakorik gertatu bear zuenik. Nola, ba?
Pasa denbora, eta ez etortzen nere saltzaile ondo orraztua. Nere baitan: «ba, saltzaile danak bezela or ariko dek Begoña etxekoandreari: bla, bla, bla». Ordu laurdenera-edo joan nintzan alboko tabernara eta:
-Begoña. Ez da izan emen gizon bat, bost milla pezetakoaren kanbioen billa?
-Ez, ez. Eta etorriko balitz ere, ez dakit edukiko nituen goizean ordu onetan kanbioak. Zer gertatzen da ba, Nikolas?
-Au eta au, Begoña.
Azkar begiratu genuen etxe-jira danean, baiña berandu zan. An ez zan ageri ez 'Sescientos' gorririk eta otxokuartosik.
Makalagatik asi nintzan deika laga zidan telefono-zenbakira, baiña ez alperrik.
Badakizue zer erantzun zidan telefono bestaldekoak? «Au Oñatiko Chocolates Zahor fabrika da».
Zenbat aldiz deitu ote nuen Oñatiko txokolategira? Baiña beti erantzun bera.
Urrengo Arantzazura joan nintzanean, ikusi nuen bai zalako Chocolates Zahor nun zegoen: Arantzazurako aldaparen asieran, Oñatin ezkerretik. Arantzazuko Andre Mariari laga nion abisua: Nikolas gizajo oni ea noiz ekarri bear dizkion bost milla pezetakoaren kanbioak ondo orraztutako lapurrak.
Beraz, irakurle, kontuz ondo orraztutako saltzailleekin. Edozein egunetan inuxente biurtuko gaituzte-eta.
Eta zuri goraintziak, Begoña.