Berrobik eta Lezok UEMAko kide izatea erabaki dute
Udal bilkuretan bozkatu ostean eskaera luzatuko dute. Bi PSE-EEren zinegotziaren aurkako botoarekin hartu zen erabakia
J. A.
Asteazkena, 29 azaroa 2023
Berrobiko eta Lezoko udalak osoko bilkura egin ostean adostu zuen UEMAko kide izateko eskaria egitea eta orain Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak abenduaren 16an du Orion egingo duen batzar nagusian aztertuko dira eskariak. Gipuzkoako bi udalerrienak ez baitira azken asteotan jasotako bakarrak, Zeanurik, Mendexak eta Hondarribiak ere euren bilkuretan hala adostu baitzuten. Baiezkoa jasoz gero Hondarribia 104.a izango zen, Berrobi 105.a eta Lezo 106. udalerria eta UEMAk 332.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko du.
Goierriko udalerriaren kasuan Berrobi Bizi herri plataformako 5 ordezkarien aldeko botoekin eta PSE-EEren zinegotziaren aurkako botoarekin adostu zen. Era honetara, 581 biztanle dituen Berrobiren eskaerarekin Tolosaldeko 28 udaletatik 23 dira UEMAko kide.
Nagore Segurola Berrobiko Euskara zinegotzia gustura agertu da hartutako erabakiarekin. Udal osoko bilkura amaitu orduko UEMAri adierazi dionez, orain heldu diote UEMAko kide izateko aukerari: «Izan ere, ekainean hartu genuen Udalaren gidaritza. Harrigarria iruditzen zitzaidan Berrobi UEMAko kide ez izatea. Egia esan, erronka pertsonal modura hartu dut, oso garbi ikusten bainuen bertan egon behar genuela. Taldekideen babesarekin baiezkoa eman diogu». Behin erabakia hartuta, hasiera batean udal barruko erabilera planari emango diote hasiera, langile guztiekin bilduz eta erabakiaren nondik norakoak azalduz: «Izan ere, hizkuntzaren alorrean gaur egungo funtzionamenduan aldaketak egongo dira, lehen mailan jarriz euskararen erabilera alor desberdinetan, eta baita administrazio desberdinen arteko harremanetan ere».
Datu soziolinguistikoei dagokienez, euskaldunen indizea %87,5 da Berrobin, baina beheranzkoa da joera, beste arnasgune askotan bezala. Euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoak hamar puntu egin du behera azken 20 urteotan: %62 da gaur egun. Etxeko erabileraren beheranzkoak ere kezkatzen du Udala. Izan ere, 20 urtean 15 puntu egin du behera, eta euskara herritarren %46rentzat da lehen hizkuntza etxean, gaur egun. Aldagai horiek gero eragina dute kaleko erabileran ere. Horregatik, herritarrak kontzientziatzeko eta UEMArekin zein Tolosaldeko beste udalerriekin batera hizkuntza politikan eragiteko asmoz hartu du Berrobiko Udalak UEMAra sartzeko erabakia.
Lezon ere baiezkoa
Datu soziolinguistikoei dagokienez, udalerri euskalduna izendatzeko ezinbestekoa den %70eko euskaldunen indizera (euskaldunak + ia euskaldunak/2) lehen aldiz heldu da aurten. Zehazki, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, %70,3 da euskaldunen indizea Lezon. Azkenaldian UEMAra gehitu diren zenbait udalerriren antzera, ordea, euskara dakiten herritarren zati handi batentzat euskara ez da ohiko lehen hizkuntza, eta horrek gero eragin handia du erabileran eta hizkuntza-ohituretan, bai etxean eta baita kalean ere. Horregatik, erabileran ere eragiteko, giltzarria da herritarren ahalduntzea eta kontzientziazioa, eta horretan UEMAren lana eta esperientzia bidelagun hartzeko asmoa du Lezoko Udalak, gaur hartutako erabakiarekin.