Baxenabar bideetan

Nikolas Zendoia
NIKOLAS ZENDOIA

Aspalditxo esan zigun Markinako Jabier Kaltzakorta maisuak larunbat batean egin bear genuela egun-pasa bat Baxenabar aldetik. Alderdi aietan diran mendi ikusgarri aiek, emengoetatik ezberdiñak dirala-eta, merezi dutela gertutik begiratzea eta dastatzea, alegia.

Eguna jarri ezkero, iritsi egiten da. Bizi diranentzat beintzat. Eta guri ere iritsi, zorionean.

Bideetan zear gindoazela, ez dakit zenbat alditan atera zitzaidan onako esaldi au; isilaldietan, jakiña: «Ñoo, au dek, au, giro ederra tokatu zaiguna!». Xalbadorren agindua ote zan? Bere etxe-atarian eupateko bat egiteko asmoarekin bait giñan.

Nioena: eguzkia argi, goi-laiño txuri-oriak, ego mendebaldeko aize naasi pilpilla eta begi-bistak artzen zituen mendi-muturrak bistan.

Leor itxurako udaberri-giro dotorea eta jasoa. Normala da giro ona eskatzea, baiña orrenbestekoa mereziko genuenik ere...

Irundik Elizondora ere ni lanean ibiltzen nintzanean baiño bide ederragoak zeudek, mutillak. Esan ere egin nien andreari, koiñatari eta Jabierri:

-Ni emen pasatzen nintzanean egin balituzte bide zabal auek, oraindik emen nenbillen neure furgoneta zaarrarekin.

Izan ere, alderdi aietan bai bait nituen altzari-dendariak, neramazkien kutxak saldu nai izaten nizkienak: Lesakan, Ordoki etxea; Donezteben, Telletxea; Iruritan, beste bat eta azkenekoa Elizondon. Bi auen izenak ez ditut gogoan. Barkatu. Uraxe nuen neure ruta. Jende ona zan.

Elizondon geratu eta pauso batzuk eman genituen, Izpegiko gaiñera abiatu aurretik. 'Izpegiko lepoa' deitzen diote an. Lepoa ez ezik, burua ere bada ura. Laster aipatuko degu.

Baiña beeko ordeketan gindoazela, neure baitan nioen: «Ño! Aspaldietako bizimoduaren aztarna politak bazeudek emen».

Nunai zelaitxo itxiak alanbre esiz, etxe inguruetan, ardi mordoxka barnean dala. Beste zelaitxoan, abereak: zaldi eta beor. Irurita inguruko sailletan, bei-ganadua ere bai dexente. Baiña bein Arizkunetik aurrera, nioena: abereak eta ardiak.

Gaiñera, arritu ninduena zan ardi mutur-beltz eta adardunak ikusten zirala. Eta ni arrituta. Izan ere, nik geure aldeko ardi zuria beste arrazarik ezagutzen al det, ba! Itxura danez, orain ardi-arraza asko dauzkate.

Eguerdiko amabiak alderako, Izpegiko gaiñean giñan, Gaiñeko Benta izeneko ostatuan. An geldialdi bat egin gabe aurrera jarraitzea pekatu mortala zitekeen. Ango arnasa artzea eta andik begiratzea zan bizitzari oparia egitea.

Entzun al dezu, irakurle? Egin opari ori bizitzari. Jabier Kaltzakorta auto-gidariak an laga zuen autoa, larrean zebillen poni txuri, ille-luxe baten ondoan. Auto dexente zeuden. Ogei bat bai.

Gose-punttu batekin iritsi giñan, baiña ez giñan berealakoan sartu ostatu barrura. Ezin aspertu andik ikusten ziran alderdiei begira. Begi-bista ona ote neukan ere iruditu zitzaidan beintzat, eta ortik atera kontuak.

Mendi-maldan gora larrean egiñaz igo eta atari-inguruan zebiltzan poni txuri aiek ere zenbat ote zekiten? Eskua luzatuta «pootx-pootx» deitu arren, ez pentsa ola-ola etorriko zaizkizunik.

Aietako bati esan nion:

-Urrengo natorrenean, artaburua ekarriko dizut.

Koitadua, ura illea zeukan!

Baita ere, ostatu atzean zeuden bi basurde aiek bazeukaten beren historia. Txerri naasikoak, gero bertako nagusiak esan zigunez. Itxitura batean zeuzkaten. Bat oso zaar itxurakoa iruditu zitzaigun, gaiñera. Besteak sasoikoa zirudien.

Gaztea, lagun etorkiña zuela esan zigun gero bertako nagusiak. Bizkarra beltza zuten, eta bee aldea txerri-kolorekoa. Orrek esan nai du aita basurde beltza eta ama txerria zutela.

Barrura sartu giñanean, ango jendearen marmar gozoari belarria jarrita gustora egon nintzaien ba! Ura zan, ura, euskeraren musika! Nere gustorako beintzat. Berrogeita amar bat urtetik irurogeita bost inguruko jendea zala iruditu zitzaidan zegoela ostatuan.

Ura zan pazientziazko elkarrizketa eta pakezko aurpegien argazkia. Geienak txapelekin, gaiñera. Garai bateko feria-plaza ematen zuen ark. Ez da ostatu soilla leku ura. Denda ere badala esango nuke. An ez dagoenik!

Mostradoreko bi zerbitzariek aita-semeak ematen zuten. Baserritar itxurakoak. Nere modukoak, alegia. Baiña bai tentuak.

Nere prosa baldar auek irakurtzen dituzuenoi aolku auxe emango dizuet, eta egidazue kaso mesedez: txistorra mundiala jan nai badezue, Izpegi gaiñeko bentara joan zaitezte. Eta urrengo San Tomasetan, ez zerate Donostiara joango txistorra jatera.

Galdetu genion, ba, mostradorean zebillen zerbitzari aitari, zer basurde klase zeuzkan itxituran.

-Txerriarekin naastuak, mestizoak. Zaar orrek ogeita bat urte ditu. Eta gaztea etorkiñe du. Konpaiñie egiteko dauke.

Eskertu genion datu ori ere. Baiña dexente geiago, eman zigun txistorra. Agerian dago: basurde-aragiarekin egingo balute txistorra, ogeita bat urte baiño leen ilko zutela.

Atariko poni txuriei agur eginda abiatu giñan beeraka, Baigorrira bidean. Zer mundu mendi dira aiek!

-Jabier, zoaz mantso. Au bizi egin bear degu eta. Baita ere, zoaz mantso, emen amiltzen bagera, geiago txistorra jaterik ez degu izango eta.

Zer mendi erraldoiak baiña! Zintzilik ote zeuden ere ematen zuten une batzuetan. Ain arri-arkaitz gutxi bistan eta ain pike, nola irauten dute lur eroririk gabe?

Ura ikusi gabe ezin degu alde egin mundu ontatik, lagunok. Baiña au bai: fedea dexente galdu nuen, aldi berean. Urrengoan jarraituko degu gai onekin, oraindik ez gera Urepelera iritsi eta. An genuen zai Xalbadorren etxea.

Temas

Euskera