Leonard Bernsteini buruzko biopica ('Maestro') ikusten ari nintzela, Bernsteinek berak aipatutako bertso batzuk geratu zaizkit oihartzun egiten pelikula amaitu eta gero. Mahlerren doinuekin batera, horixe izan da pelikulatik geratu zaidan oihartzun bakarrenetakoa, lau samarra, aspergarria eta kamutsa iruditu baitzait.
Baina natorren bertso horietara. Etxeko balkoian dagoela esaten ditu Bernsteinek, eta Edna St. Vincent Millay poetarenak dira. Bilatzen hasi naiz, eta euskarazko bertsioa topatu dut sarean, Munduko Poesia Kaieretan hain zuzen ere. Ana Moralesek egin zuen itzulpena, eta honela diote: «Soilik dakit abestu zuela nigan udak/ Tartetxo labur batez, ez ordea gehiago». Artikulu hau idazten ari naizen astelehen euritsuan, hitz horietan bilatu dut aterpe, udak nigan tarte luzeagoz kanta dezala erreguka.
Nik beti esaten dut Gabonen ondotik maldan behera datorrela uda, haizea alde. Hauteskundeak etorriko dira lehenago, udaberrian. Botoen eta hautetsontzien kantua, sirenen kantutik ezin hurbilago. Promesak eta rapsodiak, batzuen eginak eta besteen azainak. Lau samarrak, aspergarriak eta kamutsak. Maisutasun gutxikoak. Komeni zaiena esaten dute, gezurraren eta zurikeriaren eskalan tonu bat gorago eginez, baina kanta izatera heldu gabe. Nabarmenkeria baino ez. Politikak ez daki ezer Millayren udaz. Ez du denborarik adarretan sakontzeko. Urtarorik gabe egiten du aurrera, banan-banan joandako txoriei begiratu ere egin gabe. Mahlerus.