Arregi-Garaño-Goenaga hirukotearen 'Marco' pelikula ederrean geruza bat baino gehiago dago. Enric Marco protagonista Flossenbürg-en deportatuta egon zen ustez, baina pixkana-pixkana ikusten dugu bere buruaren inguruan eraiki duen istorioa erortzen doala, dena asmazioa dela. Bere adina ezkutatzeko kontu handiz tindatzen duen bibotea bezain artifiziala. Ez dakizu, hala ere, noiz bukatzen den gezurra eta noiz hasten egia, baldin eta egiarik badago. Paradoxikoki, bere gezurrak ikusgarritasuna eta garrantzia ematen dio ordu arte ia ikusezina zen deportatu espainiarren elkarteari. Gezurrak zerbait ona ekarri du. «Nork ez du gezurrik esan inoiz bere bizitzaz?», saiatzen da bere burua zuritzen Marco, dagoeneko harrapatu dutenean. Baina ez da zinikoa, gezurrak esateko duen grina hori patologikoa baita batez ere, protagonismoa bilatzen du, denen ahotan egotea. Edo, akaso, bere iragan frankistaz garbitzea. Ez dago asmo txarrik ez irabazi asmorik. Horrelakoa da Marco. Bere iruzurra sinistera heldu da, badu fikziozko pertsonaiatik. Funtsean, ez zaio beste ezer geratzen, bere fikziozko mundua ez bada.
Pelikula amaieran ispiluan bilatzen du bere burua. Ez dakigu nor den benetakoa eta nor faltsua, nor den hezur haragizkoa eta nor isla edo itzal. Bereizezinak dira egia eta gezurra haren baitan. Neurri batean, ispiluaren aurrean jartzen gaitu gu ere, giza ahulezien eta gezurren beirategian. Eta, eskertzekoa dena, ikusleen esku uzten du interpretazioa, gaur egungo panorama manikeoari iskin eginez.