Irakasle lagun batek kontatua. Azpeitiko Izarraizpe Ikastola Publikoko DBHko talde batek bisita egin zion maiatza bukaeran zientzia azoka bati, ziri-sartze txiki bat egiteko asmoarekin ( ... eskolaren oniritziarekin). Jakitera eman zuten Zamudion garatzen ari omen ziren Adimen Artifizialaren lagin bat zeramatela, jendearen nortasuna antzemateko gai zena. Horretarako, urna digital batzuk eta ordenagailu bat prestatu zituzten. Lau galdera egin zizkieten bisitariei, eta, galderaren erantzunak inkesta bidez jaso eta gero, bisitarien %97ak adierazi zuen Adimen Artifizialak nortasuna igarri ziela. Baina arestian esan bezala, ziri-sartze txiki bat zen, eta ez zegoen ez Zamudion garatutako Adimen Artifizialik ezta nortasuna eskanea dezakeen gailurik ere, programa informatiko arrunt bat baizik. Zientziak baztertutako metodo psikologiko bat erabiliz (Myers-Briggs), bisitarien erantzunen hitzak zertxobait moldatuz eta koipekeria pixka bat gehituz, oinarrizko programa horrek galderetan jasotako informazio bera itzuli zien bisitariei, antzeko beste hitz batzuekin, edonorentzat aplikagarriak diren esaldi orokorrez josiak. Ziri-sartzeak sugestiotik eta tarot irakurketatik ere bazuela esan daiteke, baina zerbait frogatzera zetorren: batetik, Adimen Artifizialaz esaten digutena oso erraz irensten dugula, ia zentzu kritikorik gabe; eta, bestetik, belarriak gozatzen dizkiguten baieztapen losintxarien aurrean guardia jaisten dugula nabarmen. Tira, ikasle horiek balio zientifikoa duen esperimentu bat egin zuten azken batean.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.