Borrar
Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoiena 'Izeta III.a', Aizarnazabalen. José Mari López

Bi maisuren agurra ikaslez inguratuta

Herri Kirolak ·

Jexus Mari Iruretagoiena 'Izeta III.ak' eta Joseba Ostolazak 100 kiloko harria 101 aldiz jasoko dute bien azken saioan, bihar Aizarnazabalen 36 kideren babesarekin

Gaizka Lasa

San Sebastián

Larunbata, 28 iraila 2024, 06:53

Comenta

Harriaren iraganak, orainak eta geroak bat egingo dute bihar Aizarnazabalen mezu mamitsua duen saioan. Bi harri-jasotzaile handiren agurra izango da, baina baita eurek jorratu duten bideari eusten dioten belaunaldi berrien erakustaldia ere. Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoiena 'Izeta III.a' izango dira ekitaldiko protagonista nagusiak. Euren kirol ibilbideari agur esan eta ondo merezitako txaloa jasoko dute. Baina aldi berean ia beste 40 harrijasotzaile elkartuko dira sektorearen etorkizun oparoa irudikatuz. Bi maisu omendu eta ikasle berrien etorria bistaratu, horiexek izango dira egitarau ikusgarria duen saioaren xedeak.

100 kiloko zilindro kopari 101 jasoaldi emango dizkiote Ostolazak eta Izeta III.ak, dituzten urteak batuz hain zuzen. Honenbestez, 51 aldiz altxa beharko du harria oriotarrak eta 50 bider Aizarnazabalgo semeak. «Errespetua» dio lanari Ostolazak. «Jexus Marirekin gure agurrerako zerbait egin behar genuela hitz egin nuenean, neronek esan nion lan pixka bat eginez bukatu behar genuela eta 100 aldiz altxako genuela 100 kilokoa. Gerora pentsatu dut erraz etorri zitzaidala hura burura. Damutu ere egin naiz tarteka. Lagun batek esaten didan bezala, gure trokolak eta bisagrak ez zeudek askotarako. Pipiak jota gaude dagoeneko».

Hunkitzeko 'arriskuan' izango da bihar Joseba. «Poza ematen du ia 40 harrijasotzaile zure inguruan ikusteak. Neskak ere ari dira ateratzen. Gu bagoaz baina beste batzuk badatoz». Ondo aski dakielako dio. Bere izena daraman harri eskola du Aia-Orion. «Lokala eta materiala nituela jabetuta, eskola abian jartzea erabaki nuen, ofizialki 2015etik aurrera. Pixkanaka gure ondorengoei laguntzea tokatu zait azken urteotan eta pandemiako geldialdi horrek, 2020an, adin txarrean harrapatu ninduen. Geroztik zaila egin zait martxa hartzea eta bazen bukatzeko garaia».

Berea amaitu da baina harriak badu nork jarraipena eman. «Gu baino zaharragoak esaten zuten haiek bukatzen zutenean hilko zela harri-jasotzea. Baina nik, aitarena bizi eta gero, ia 40 urte egin ditut mundu honetan eta orain alaba ere ari da. Gazte jendea dabil, eta gazteak gaztea erakartzen du».

Etorkizun oparoa

Jexus Mari Iruretagoiena 'Izeta III.ak', baita, hemendik aurrerako lanak gazteekin egiteko asmoa du. «Ez neukan zeharo utzita, baina hau izango da azkena guretzat. San Migeletan, hemen Aizarnazabalen zerbait egin nahi genuen eta gure adinaren araberako altxaldia egitea bururatu zitzaigun Josebari eta bioi. Ni mendian dezente ibiltzen naiz txakurrarekin eta sasoiari eusteko balio dit. Horrek lagundu dit prestakuntzan. Uste baino errazago eraman dut. Elkartzeko aitzakia ederra da, bestalde. Gutxitan topo egiten dugulako. Gozatzeko eguna da».

Josebak bezalaxe, Izeta III.ak ere eskola du, Zarautzen, eta etorkizuna ikusten dio harria ardatz duen herri kirolari. «Urte luzez Joxe Ramon anaia, Joseba eta hirurok ibili izan gara txapelketetan. Jendea bazebilen harri-jasotzen baina ez zen apuntatzen. Gero, eskasiak buelta eman zuen. Kilo kopurua jaisteak lagundu zuen horretan. Aurrerantzean ez dut ikusten parte-hartzaile aldetik arazorik».

Gora egin du, Jexus Mariren esanetan, harri-jasotzaileen sektoreak, baina zalantzarik gabe «aldaketa nabarmenena emakumeena izan da. Orain neska gazte asko datoz eskoletan. Gizartearen aldaketaren isla da. Horretara ohitzen hasi gara, zaharrenentzat oraindik ere arraroa egiten bada ere. Idoia Etxeberria zen lehen erreferente ia bakarra emakumeen artean, eta orain asko daude».

Biharko agurraren atarian, berak hain maite duen kirolera gerturatzera «animatu» nahi du jendea Izeta III.ak. «Beste kirolen batean aritu denari errazago egiten zaio eta crossfit-etik datozkigu asko azkenaldian».

'Siete' izeneko harria

Joseba eta Jexus Mariren saioak bereganatuko du arratsaldeko interesgune nagusia, baina egitarau zabala izango du ekitaldiak. Jokin Eizmendik, esaterako, bertako harriarekin saiakera egingo du. 'Siete' izeneko kubikoa da, 172 kilokoa, eta gutxi dira orain arte altxa dutenak: Agerre I.a, Urtain (Martin), Perurena (aita), Goenatxo eta Ostolaza bera. Eizmendik duela urte batzuk behin jasotzea ere lortu zuen, nahiko lanekin, eta bihar bi altxaldi ematea jarri dio erronka bere buruari. Beste edonork probatu nahi badu ere, izango du aukera. Jexus Marik desafioa mahai gainean jarri du. «Heldu nahi dionak han izango du harria».

Bestalde, zenbiat gazterentzat 100 kilokoa lehenengoz jasotzeko aukera izango da biharkoa. Jexus Mariren semeak, Unaxek, 'Izeta VII.ak', 100 kiloko errektangularra altxako du, eta baita zilindro kopa ere. «Ez dakit zenbat jasoaldi emango dizkion», dio aitak.

Kontuak kontu, bi maisuren agurra izango da biharkoa. Fokuen atzean lan egiteko grina azaltzen dute biak ala biak. Ikasi zutena zukutzen igaro dituzte urte asko plazetan eta orain ondorengo belaunaldiei erakusteko erronkari ekin diote batak zein besteak. Horretan dihardute azken urteotan, baina bihartik aurrera horixe izango dute lehentasun bakarra. Aurretik, ordea, azken 50 jasoaldi eman behar jarraitzaile eta ikasleen begiradapean. Azken protagonismo tantak dastatzeko aukera izango dute lagun artean.

Eta gero gerokoak. Izan ere, Aizarnazabalen festak luze joko du. Euskal parrilla tarteko afaria ere antolatu da harri-jaso-tzaileentzat eta bertaratzen diren zaleentzat. Tiketak salduta daude dagoeneko eta ehun bat lagun bilduko dira mahai inguruan jan- edanean eta kontu kontari. Badute maisuengandik zer ikasi.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bi maisuren agurra ikaslez inguratuta

Bi maisuren agurra ikaslez inguratuta