Zuzeneko bertso saioa egitera doaz, eta gonbidapenak agortu dira jada
Amasa-Villabonan egingo dute 80 lagunentzako saioa Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxek
DV
Donostia
Asteazkena, 3 ekaina 2020, 12:48
Ekainaren 5ean, ostiralean, izango da Amasa-Villabonan zuzeneko lehen bertso saioa, koronabirusaren ondoriozko krisiaren ondorioz formatuz aldatu bitziren saio horiek ere. 80 lagun ingururentzako tokia izango da, eta sarrera guztiak agortu dituzte. Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzaile lanetan.
Aste hasierarekin batera jarri zituzten salgai gonbidapenak, bertaratutako zaleen kopuruak zaintzeko ezinbestekoa da eta; gehienez, bi gonbidapen eskuratu ahal izan ditu pertsona bakoitzak.
Saioa Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxearen atzean egingo da ostiralean, eraikinaren eta pilotalekuaren artean dagoen Gudari Plazan; 18:30ean hasiko da. Bertsoa.eus atarian ere zuzenean eskainiko dute. Eguraldiak okerrera egingo balu, aterpean egingo lukete saioa. Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu dute saioa.
Saioa izango den eremura sartzeko eta ateratzeko maskara derrigorrezkoa izango da, eta sartzeko ordutegiak adieraziko dira gonbidapenetan, jende pilaketak ekiditeko. Behin eremura sartuta, eta lekuan eserita, maskara kendu ahal izango da, ikus-entzuleen arteko distantziak bermatuta. Esan gabe doa, une oro antolatzaileen argibideei kasu egin beharko zaiela.
Saiorako izena emanda, gonbidapena iritsiko da adierazitako posta elektronikora ostegunean; bi gonbidapen eskatu ahal izango dira gehienez. Era berean, behin baimendutako 80 gonbidapenak banatuta, izen-ematea itxi egingo da. Bestalde, izena ematerako baimendutako kopurua pasa bada, jada lekurik ez dagoela jakinarazteko mezua bidaliko da.
Bertso plaza hauspotzeko Bertsoa.eus webgunean saioak eskaini eta gero, pauso bat gehiago eman nahi dute saio honekin.