Nest sailan izena emateko epea bihar irekiko da
Zinema ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketako hogeita bigarren edizioa 2023ko irailaren 25etik 29ra bitartean egingo da
DV
Miércoles, 31 de mayo 2023, 14:54
Nest-ek, Donostia Zinemaldiaren Zinema ikasleen film laburren lehiaketa sailak, bihar (ekainak 1) irekiko du izena emateko epea. Aurtengoa 22. edizioa izango da eta irailaren 25etik 29ra bitartean egingo da. Film laburren izena online eman ahal izango da eta epea uztailaren 3 artekoa da.
Publicidad
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko. Epaimahai batek lan onenaren zuzendariari emango dio Nest Saria, 10.000 eurokoa.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako saila hogeita bigarren ediziora iritsiko da eta mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztearen helburuari eutsiko dio. Hirurogei ikasle baino gehiago bilduko dira Donostian eta Nest-eko emanaldietan, hizketaldietan eta eskola magistraletan parte ahal izango dute.
Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Nest, talentu berriak sustatzeko estrategiari dagokionez. 2002an sortu zenetik, 1.000 ikasle inguru bildu ditu, industriako profesionalekin 90 eskola magistral eta hizketaldi hartu ditu (Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Ruth Beckermann…) eta 370 film labur hautatu ditu. Nest sailak, guztia hasten den lekuak, zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, besteak beste, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev zuzendarienak; ondoren, horietako askok Donostia Zinemaldian eta beste hainbat nazioarteko lehiaketetan estreinatu dituzte hurrengo lanak
Iazko edizioan hamahiru film labur lehiatu ziren Nest sailean. Guztira, munduko 44 herrialdetako 160 eskolak bidalitako 350 lan aurkeztu ziren.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión