Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia Sariaren deialdia ireki dute
Gutxienez 500 bertso lerro izan behar dituzte lanek, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Sarituak 12.000 euro jasoko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak 2021eko Xabier Lete Nazioarteko VI. Poesia Sariaren deialdia ireki du. Oinarrietan zehaztu dagoen bezala, nahi duen idazle orok har dezake parte, jaioleku eta nazionalitatea dena dela ere. Ildo berean, bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez ditzake, beti ere euskaraz idatzitako lan original eta argitaragabeak diren heinean. Parte hartzeko epea 2021eko abenduaren 5era arte egongo da irekita, erabakia 2022ko martxoan jakinaraziko da eta sarituak 12.000 euro jasoko ditu.
Gutxienez 500 bertso lerro izan behar dituzte eta aurreko bost edizioetan irabazle izan direnek ezingo dute lanik aurkeztu. Lana helarazteko bide telematikoa erabiliko da soilik, Gipuzkoako Foru Aldundiak preseski horretarako sortu duen 'Nazioarteko Poesia Sariak' webgunearen bitartez.
«Belaunaldi oso bati euskarazko poesia gerturatu zaion»
Xabier Lete poetaren omenez antolatutako sariketak nazioarteko izaera du eta bi urtean behin antolatzen da. Izan ere, Harkaitz Millan Kultura diputatuak gogorarazi duenez, «Letek, belaunaldi oso bati euskarazko poesia hurbiltzeaz gain, bere lana hedatzea lortu du, balioen defentsari eta haren humanismoari esker».
Sariak, Millanen hitzetan, «Xabier Letek belaunaldi oso bati euskarazko poesia hurbiltzeko egindako lana» aintzatesten du; hala, poetak «humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal identitate bat eraikitzen» egindako lana ere balioetsi nahi da.
Kultura departamentuaren xedea «adierazpen kultural eta artistikoak lantzen, zaintzen eta zabaltzen dituzten erakunde eta sortzaileei» laguntzea da, bereziki Gipuzkoan «erreferente izan diren sortzaileen oroimena denboran gordetzea, eta, era berean, jendeak sormen lanak egiten jarrai dezan sustatzea, horretarako, sortzaile berriei behar duten laguntza emanez».