Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal aurrera doaz
Irunen eta Azkoitin jokatutako final-laurdenetan lortu dituzte euren txartelak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekotan aritzeko
A. Mariezkurrena
Donostia
Igandea, 27 urria 2024
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren asteburuan Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi nagusitu dira. Hirugarren eta laugarren final-laurdena jokatu dira eta dagoeneko bi bertsolariek finalaurrekoetara sailkatu dira. Irungo Ficoba auditorumean sei bertsolari aritu ziren nor baino nor eta azkenean, Iguaran izan zen epaileen ustetan onena.
Oihana Iguaran Barandiaranek 517,5 puntu lortu zituen. Atzetik, sailkatu ziren: Amaia Iturriotz Etxaniz (484,5), Eneritz Artetxe Eizagirre (476), Eñaut Martikorena Lizaso (468,5), Aner Peritz Manterola 'Euzkitze' (465,5), eta Iñaki Apalategi Astigarraga (446). Epai lanetan Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren Etxaniz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, aldiz, Aratz Irazustabarrena Garmendia aritu dira.
Azkoitiko Baztartxo Antzokian berriz, larunbatean, sei bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Eli Pagola Apezetxea Maialen Akizu Bidegain, Oier Etxeberria Zubimendi eta Unai Mendizabal Jauregi. Azken honek egin zuen lan txukunena 485,5 puntu lortuz. Bigarren postuan, Asier Azpiroz Iztueta sailkatu zen (485,5), atzetik Ane Labaka Mayoz (477,5), Eli Pagola Apezetxea (470,5), Oier Etxeberria Zubimendi (468) eta Maialen Akizu Bidegain (414) izan zituelarik.
Azkoitiko saioan Haritz Alberdi Alberdi aritu zen gai jartzaile lanetan eta epaileak, Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren Etxaniz eta Zigor Leunda Eizmendi izan ziren.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hurrengo saioa datorren asteburuan izango dira. Azaroaren 3an, Tolosako Leidor aretoan arituko dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera, azken final laurdena jokatuko delarik. Bertan, Aitor Tatiegi Loidi, Andoni Rekondo Izagirre, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi' ,Jon Gurrutxaga Urbieta, Maider Arregi Markuleta eta Nerea Elustondo Plazaola arituko dira finalaurreko azken txartela lortu nahian.