Programa berezia igandean 'Hitzetik Hortzera'-ren denboraldia bukatzeko
Apirilaren 1arekin amaituko da astero bertsolaritzaren berri eman duen saioa. Udazkenean bueltatuko da, arnasberrituta
Asteazkena, 28 martxoa 2018, 18:01
Aurreko denboraldietan bezala, irailaz geroztik astero-astero eman du 'Hitzetik Hortzera' saioak bertsolaritzaren inguruan gertatutakoaren berri. Uda oraindik urrun samar badago ere, datorren igandean, apirilaren 1ean, ikusi ahal izango da ETB1n udako atsedenaldia hartu aurretiko azkeneko saioa.
27 atal izan ditu aurtengo denboraldiak. Denboraldi berezia izan da, lau urtean behin bertsogintza astintzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin batera jarri baitzen abian. Irailaren 24an Baigorriko saioarekin hasi eta, astez aste, txapelketako 14 saioen berri eman da eta, tartean, baita abenduaren 17an Barakaldoko BEC aretoan jokatutako final handiaren laburpena ere.
Txapelketa Nagusiko 14 saioen jarraipena egin ondoren, plazako ohiko jarduna ekarri du Hitzetik Hortzerak telebistara. Behin txapelketa bukatu ondoren formatu ezberdinetako 23 bertso-saiotako bertsoaldiak eskaini dira programan. Eta astez aste gonbidatu bat izan dute ikusleek bide-lagun, bertsolaritzaren eta bestelako jardueren artean dauden zubiak erakutsi asmoz. Kirolariak, idazleak, zinegileak, kultur eragileak, bertsolariak... Diziplina anitzetako 13 gonbidatu izan dira denboraldi honetan.
Eta denboraldia amaitzeko programa berezia prestatu dute, taldekako ekimenei eskainia. Bi urtez behin, taldekako ekimenak antolatzen dira Araban eta Nafarroan, bertsolaritzaren mugimendua zabaldu asmoz. Azkeneko programan Nafarroako Bardoak eta Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa izango dira aztergai. Bi ekimenetako finaletako bertsoaldi onenak eskaintzeaz gain, txapeldunei egindako elkarrizketak ere izango dira ikusgai.
Esan bezala, udan atseden hartuko du Hitzetik Hortzerak, baina bertsogintzak bere martxari eutsiko dio. Arnasberrituta, udazkenean itzuliko da Hitzetik Hortzera ETB1eko plazara.