EITBko hedabideek M8aren jarraipen zabala egingo dute
Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko eduki eta programazio berezia eskainiko dute euskal telebista eta irrati publikoek, kirolaren arloari arreta berezia eskainiz
Asteartea, 8 martxoa 2022, 11:12
Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EITB Taldeko hedabideek martxoaren 8an egingo diren mobilizazio eta aldarrikapenak bertatik bertara jasoko dituzte. Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dituzte emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde Euskal Herrian barrena egingo diren ekimen nagusiak elkarrizketa eta eduki berezien bitartez.
Aurten, gainera, EITBk kirolaren munduari arreta berezia eskaini dio, emakume kirolariek euren lorpenak aitortzeko dituzten oztopo eta zailtasunei ikusgarritasuna emanez. Gure gizartearen esparru ezberdinetan presente dauden estereotipoek, hizkuntzak eta genero-rolek gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak mantendu eta egoera bidegabeak iraunarazten dituzte. Errealitate hori bereziki nabarmena da kirolean eta honen komunikazioan. Egoera honi ikusgarritasuna emateko, EITBk euskal kirolariei ahotsa eta tartea emango die hedabide guztietan, Berdintasuna da helmuga / La igualdad es la meta lelopean. Bide honetan, EITBk zeregin aktiboa hartzen du prestakuntza eta eraldaketa sozialeko eragile gisa, eta desberdintasunari eusten dioten eta gizartearen aniztasuna ezkutatzen duten jokabideen haustura bultzatzea du helburu.
Eliteko euskal kirolariak eta kiroleko alor ezberdinetan lan egiten duten emakumeak dira protagonista EITBko hedabide eta saio ezberdinetan, martxoaren 4ean hasi eta martxoaren 8ra arte luzatuko den programazio berezian.
Eguneko mobilizazio eta azken orduaren berri ematez gain, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan neskatilek kirolarekin duten harremanaz arituko dira. Halaber, 'Kirolak' tartean hainbat kirolari profesional izango dituzte gonbidatu. Bestalde, 'En Jake', 'Biba Zuek!' eta 'Nos Echamos a la Calle' eguneroko saioek ere emakumezkoen kirola izango dute hizpide. Gainera, 'La Noche de…'k, 7 minutos filma estreinatuko du, ehungintza lantegi batean lan egiten duten emakume talde baten inguruan.
Euskadi Irratian, 'Faktoria' saioa Durangotik egingo dute martxoaren 8an, eta herriko errugbi taldeko jokalariak eta entrenatzaileak izango dituzte gonbidatu, besteak beste. Radio Euskadin, 'Boulevard' saioak emakumeak eta futbola gaia aztertuko du. Radio Vitorian, egokitutako kirola, kirol ekitaldien antolakuntza eta nazioarteko egoera landuko dute emakumearen ikuspuntutik.
Kirolariekin solasaldia
Eduki guztiak eitb.eus-ek M8rako propio prestatu duen webgune berezian izango dira eskuragai. EITBPodkast atariak, gainera, emakumeek egindako eta emakumeen inguruko podcastak nabarmenduko ditu, horien artean 'Lokatza', aurtengo Ondas sariaren irabazlea, 'Irabazi Arte', emakume kirolariak protagonista dituena, África Baetaren 'Gente Bonita', Eneritz Gorrotxategik gidatutako 'Hitza Jolas' bertsolaritzari buruzkoa, eta 'Yoko Ona' emakumeak eta musika hizpide hartzen dituena. Halaber, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Eider Rodriguezen Bihotz handiegiak audioliburuak izango dira entzungai.
Astearte arratsalderako ekitaldi berezia antolatu du EITBk Berdintasuna da helmuga lelopean, 19:00etatik aurrera, Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Ana Ramos kazetariak gidatutako solasaldian parte hartuko dute Maria Asun Quiñones Athletic Clubeko jokalariak, Olatz Arrizabalaga pilotariak, Andrea Asturdillo Arraun Lagunak taldeko patroiak eta Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Herri Kirolak Federazioaren presidenteak. Solasaldia streaming bidez izango da ikusgai eitb.eus-en.