EITBk denboraldi berriaren programazioa aurkeztu du
Gazteak eta ikuslego familiarra erakarri nahi ditu komunikabideak, kultura eta hizkuntza ardatz izanda informazioari eta kirolei -nagusiki euskal kirolei- «arreta berezia» eskainiz
J. A.
Ostirala, 9 iraila 2022, 12:55
Gasteizen izan den FesTVal jaialdiaren barruan 2022-2023 denboraldirako ETB1 eta ETB2 kanaletarako prestatutako programazioaren ildo nagusiak aurkeztu ditu 'Batzen gaituzten emozioak' lelopean.
ETB1eri dagokionez, udazkeneko programazioak iaz abian jarritako estrategiari eutsiko diola adierazi du Unai Iparragirrek eta hainbat berritasun gehituko dituela. Besteak beste 'Mihiluze' berrituaren itzulerarekin batera 'Naufragoak' abentura realitya, 'SOS Kantak Arriskuan' edo 'Hitzokei' estreinatuko ditu.
Euskara eta umorea ardatz dituen 'Mihiluze' lehiaketa bueltan da, Ilaski Serranoren eta Antton Telleriaren gidaritzapean. Euskaldunontzat erreferente izan zen saioak zortzi denboraldi egin zituen emisioan, eta guztira 1.100 ataletik gora. Orain, hamarkada bat beranduago, ETB1eko programaziora itzuliko da, eraberrituta baina orduko arima berarekin.
Halaber, 'Naufragoak' realitya estreinatuko du ETB1ek, 'El Conquistador del Caribe' saio arrakastatsuaren sortzaileen eskutik. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko duten saioak Karibe itsasoan galdu ondoren, bizirauteko erronka gogorrei aurre egin beharko dieten lehiakideen gorabeherak ekarriko dizkigu.
Beste bi saio berri izango ditugu udazken honetan ETB1en. Batetik, 'SOS Kantak Arriskuan' herriz herri ibiliko da, belaunaldiz belaunaldi transmititu baina erregistratu gabe dauden kanta herrikoiak salbatzen. Klara Mendizabal sopranoa, Lide Hernando abeslari eta musika ekoizlea, eta Iker Lauroba musikaria arituko dira lan horretan. Bestalde, Urko Aristik 'Hitzokei' gogoetarako eta solasaldirako tartea irekiko du egunero, ordubetez, bazkalostean. Kultura, jakintza eta euskara izango ditu ardatz, gure hizkuntzaren gaineko albisteei tarte berezia eskainiz.
Saio hauen bitartez gazteak eta ikuslego familiarra erakarri nahi ditu komunikabideak, kultura eta hizkuntza ardatz izanda informazioari eta kirolei -nagusiki euskal kirolei- «arreta berezia» eskainiz. «Baina, batez ere, denboraldi berri honetan, albistegiak, kultura eta entretenimendua bultzatzeko ahalegin berezi bat egingo dugu», adierazi du.
Agerraldian izan dira, besteak beste, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendaria eta programazioko protagonistetako batzuk izan ditu alboan: Ilaski Serrano eta Antton Telleria ('Mihiluze'); Iñigo Vicens eta Lur Errekondo ('Naufragoak'); Klaudio Landa ('Jateko Modukoa'); Kimetz Etxabe, Lorea Intxausti, Julen Castillo, Eleder Iglesias, Mikele Arizkorreta eta Iñaki Mujika ('Go!azen'); Klara Mendizabal eta Lide Hernando ('SOS Kantak Arriskuan'); Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia ('Biba Zuek!'); Urko Aristi ('Hitzokei'); Joseba Arguiñano ('Joseba Arguiñano Sukalerrian' eta 'Historias a Bocados'); 'Piztu Telebista' saioko bikote eta familiak; Zigor Iturrieta ('Txoriene'); Eider Perez ('Hitzetik Hortzera'); Winter Serieseko zestalariak; Felix Linares ('La Noche de...'); Javi Sierra ('Trío de Ases'); Iban Garate eta Juanan Tejero ('Necesito Ayuda'); Mikel Santiago ('Los 7 Pecados Capitales'); Afrika Bibang eta Dann Hoyos ('Esto Es Una Noche de Rock & Roll'); Nerea Alias eta Egoitz Txurruka ('Esto No Es Normal'); Ane Ibarzabal ('Nos Echamos a la Calle'); Ander Gonzalez ('A Bocados') eta Arnaitz Fernandez ('Eguraldia').