Donostian abiatuko du denboraldi berria 'Hitzetik hortzera' saioak

Talde zabal baten lanari esker iritsiko da igandero saioa bertsozaleengana./
Talde zabal baten lanari esker iritsiko da igandero saioa bertsozaleengana.

Azken 30 urteotan egin duen bezala, «bertsolaritzaren ekosistema» osatuko du saioak, Eider Perez aurkezlearen eskutik

'Hitzetik Hortzera' saioa igande honetan, irailak 30, itzuliko da Euskal Telebistako programaziora, 15:00etan. Denboraldi berri honetan, «astez aste bertsolaritzaren ekosistema» osatuko du saioak Eider Perez aurkezlearen eskutik. Lehen atalak Donostiara eramango ditu ikusleak.

Denboraldi berria iragartzeko zabaldu duten oharrak dioenez, «bertsolariak, gai-jartzaileak, bertsozaleak, bertso-eskolak, antolatzaileak, lekuak... horiek denak dira bertsolaritzaren mugimenduaren parte eta horiek ekarriko dizkigu Eider Perez aurkezleak. Saioz saio eta herriz herri, lekuan lekuko bertsolaritzaren protagonistak izango dira Euskal Telebistan».

Kontatzeko modu berriekin dator 'Hitzetik Hortzera', baina urtero moduan bertsolarien plazaz plazako jarduna izango da programaren oinarria. Gainera, gidoilari talde berria izango dute. Txakur Gorria taldeko Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo izango dira gidoilariak. Bertsolaritza ondo ezagutzen duen laukote gazteak ikus-entzunezko medioa eta ilustrazioa uztartuko dituzte. Gidoilari-talde berria, telebistan esperientzia handia duen taldearekin ariko da lanean. Azken urteetan bezala, Bertsozale Elkarteko ohiko kideak ariko baitira lanean 'Hitzetik Hortzera'n: Felix Irazustabarrena, Jexux Mari Irazu, Gaizka Azkarate, Eneritz Urkola, Luis Gurrutxaga eta Haritz Arrizabalaga.

Donostiako hainbat txokotan

Bertsoak Donostiako txoko askotan entzun izan dira eta Eider Perezek txoko horietako batzuk erakutsiko ditu igandeko 'Hitzetik Hortzera'n: Añorgako bertso-eskolan sartu, Antzoki Zaharrean bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo Bilintx ezagutu, eta Trinitate plazako bertso-jaialdia eta Aieteko kantu jira erakutsiko ditu estreinako programan.

Donostiako Antzoki Zaharrean bizi izan zen Bilintx ezizenez ezagutzen dugun Indalezio Bizkarrondo Ureña poeta eta bertsolaria. Hitz gordinez eta sentimendu handiz landu zuen amodiozko poesia. 'Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe' kantu ezaguna gogora ekarriko digu Perezek.

Era askotara bizi daiteke bertsoa eta hari horri tiraka joango gara Añorgako bertso-eskolara. Eider Perez hango kideekin elkartuko da eta galdetuko die nola eta zergatik hurbildu ziren bertso-eskolara, zer ematen dien bertako kide izateak, eta ea bertso-eskolatik plazarako jauzia egin duten noizbait.

Bertsorik ez da faltako denboraldi berriko estreinaldian eta Donostian egin diren bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu. Alde batetik, Euskal Jaietan Trinitate plazan egin zen saioko hautaketa zabala entzungo dugu. Unai Elizasuren aginduetara kantuan aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. Bestalde, Aiete auzoan antolatutako kantu jiran bertsotan aritu ziren Alaia Martin eta Andoni Egaña; hango bertsoaldiak ere ekarriko ditugu.

'Hitzetik Hortzera' Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoiztutako saioa da. Hedabide publikoak bertsolaritza sustatzeko hartutako konpromisoari esker, bertsozaleek astero izango dute hitzordua telebistan.

Duela 30 urte, 1988ko abenduan emititu zen lehen aldiz 'Hitzetik Hortzera'. Hilean atal bat eskaintzen zen garai hartan eta geroago hasi zen asteroko emisioa. Orduko irudiak eta bertsoak ekarriko ditugu gogora aurtengo denboraldian, abendutik aurrera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos