'Beste Ni' eta 'Lore Hostoak' saioak itzuliko dira Euskadi Irratira
Taldeko gainerako kateak ere uda giroan murgilduko dira datozen egunetan
Larunbata, 25 ekaina 2022, 12:18
EITB Taldeko irratiek ere gogotsu hartuko dute aurtengo uda, berrikuntza nagusiak iragartzeko zabaldu duten oharraren arabera. «Gure herri eta hiriek gizarte, kultur eta jai egitarau betea izango dute berriz ere, eta jendez beteko dira kale eta bazterrak. Ekimen horiei guztiei eskainiko diete arreta EITB ikus-entzunezko taldeko irratiek, aktualitatea ahaztu gabe. Gainera, urtero bezala, kirolak tarte garrantzitsua izango du irratien programazio eskaintzan», aurreratu dute.
Euskadi Irratiak uztailaren 4tik aurrera ekingo dio udako programazioari, mailaka-mailaka. 'Faktoria'-n Eider Bilbaok eta Oihane Yustosek jarriko dituzte entzuleak jakinaren gainean: «Albisteak, analisia eta hizketa gaiak, eguna ondo hasteko. Ahots eta gai berriak aktualitateari tamaina hartzeko eta arreta berezia EHUren Uda Ikastaroek eskaintzen dutenari».
10:00etatik aurrera, Ainhoa Urretabizkaiak eta Itziar Alduntzinek hartuko dute txand eguerdira arte: «'Faktoria' jostaria, azken urteotako udarik bizienean. Arreta berezia jarriko diete herri eta hiriburuetako festei, aktualitatearen haria galdu gabe».
Arratsaldetan, Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra zuzenean kontatuko dute, eta txirrindularien atzetik iritsiko da 'Baipasa', Lierni Ibargutxik gidatuta, arratsaldeko 19:00ak arte. Aktualitatearen B aldea, bitxikeriak eta musika zuzenean.
Euskadi Irratiko saio udatiarrenak ere itzuliko dira: Izen bereko pertsonak binaka elkartuko dituen 'Beste Ni' saioa, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanoren eskutik, eta Ekain Perezen «Lore Hostoak» musika saioa, besteak-beste.
Kirolak protagonismo berezia izango du aurtengo udan ere: txirrindularitza itzuli nagusiez gain, estropadak kontatuko dituzte zuzenean, «Idoloak» kirolariei egindako elkarrizketa saila eskainiko dute eta arraun munduaz jakin beharreko guztia kontatuko digu Manu Maritxalarrek asteburuaren bueltan, ostiraletik astelehenera, «Tostartean» saioan.
Gainerakoak ere, udako jantiz
Udako goizak ohiko giro alaiarekin igaroko ditu Gazteak, baina jarrera freskoagoarekin, 'Dida Fresh'-en eskutik. Hondartzetara irteerak egingo dituzte uda osoan zehar eta ekainaren 27an, denboraldi hasiera Sopelako hondartzatik egingo dute. Hurrengo astean Iruñera joango dira, sanferminetako txupinazoa zuzenean ematera, 10:00etatik 13:00etara.
BBK Live jaialdiari jarraipen berezia egingo diote, kontzertu gehienak streaming bidez eskainiz eta sare sozialetan elkarrizketak eginez. Halaber, saio bereziak egingo dituzte jaialdiaren esparrutik bertatik, 19:00-20:00 bitartean.
Irratiaz haratago, Gazteak presentzia izango du Euskal Herriko hiriburuetako jai nagusietan. Sanferminetan Oihan Vegak Gaztelu Plazako giroa berotuko du uztailaren 10ean eta Bilboko zein Gasteizko festetan kontzertu nagusietako batzuk Gaztearen esku joango dira.
Radio Euskadik bi saio berri estreinatuko ditu uda honetan: alde batetik, arraun denboraldiari eskainitako 'Azken Txanpa', igandero 20:15-21:00 bitartean entzungai izango dena; bestetik, Joseba Martin musika adituak gidatuko duen 'Nada Original', musika eta zinema munduan, jatorrizko edukia oinarri hartuta sortu diren adaptazio, bertsio, remix, lehen maketak, remakeak eta zuzeneko emanaldiak eskainiko dituena, arratsaldero.
Abuztuan, 'Entre Calles' magazina itzuliko da eta Radio Euskadik eta Radio Vitoriak aldi berean eskainiko dute egunero, 11:00etatik 13:00etara. Asteburuko 'Más Que Palabras' magazina ere bi kanaletan izango da entzungai.
Ohiko saioak programazioan mantenduko dira, baina aldaketa batzuekin. 'Ganbara' albistegiak 20:00etara aurreratuko du hasiera ordua, 22:00ak arte. Gainera, Radio Euskadik arraun denboraldiari jarraipen berezia eskainiko dio, emakumeen zein gizonezkoen estropadak zuzenean eskainiz. Txirrindularitza lasterketa garrantzitsuenak, Tourra eta Vuelta, besteak beste, eta udako pilota jaialdi nagusiak ere zuzenean izango dira entzungai.