Bertsolaritza Piriniotan biziberritzen
'Hitzetik Hortzera' saioan Pirinio inguruetako bertsolaritzaren egoera ezagutuko dute
DV
Donostia
Larunbata, 16 azaroa 2019, 14:17
Aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan Pirinio inguruetako bertsolaritzaren egoera ezagutuko dute. Han bertsoa berreskuratzen ari diren zenbait lagunekin elkartuko dira: Aimar Karrika, Karine Etxeberri eta Txentxo Hernandez. Bestalde, Iruñeko Bertsoaroak emandakoa ere izango da gozagai. Igandean, 15:00etan, ETB1en.
Hizkuntza bat ez da beti galtzen ez dakitenen edo dakitenen erabakiz; beste zenbait neurrik ere eragin dezakete galera hori. Eta euskara larri dabilen lekuan, bertsolaritzak ere ez du arnasarik bizirik irauteko. Zorionez, hainbat herri dira hizkuntzaren eta bertsolaritzaren biziberritzearen alde lanean ari direnak.
Igandeko 'Hitzetik Hortzera'-n, lan horretan diharduten hiru pertsona ezagutuko dituzte. Urte askoren ostean, duela 13 urte Auritzen antolatu zuten jaialdiak bertsolaritzaren berreskuratzean garrantzia handia izan zuen. Ordutik, beste hainbat saio antolatu dituzte hango bertsozaleek: horietako bi dira Aimar Karrika auriztarra eta Txentxo Hernandez mezkiriztarra.
Gaur egun han euskarak duen egoerari buruz mintzatuko dira haiekin, eta, nola ez, bertsolaritzak duen osasun egoerari buruz ere galdetuko diete. Biak elkartzen dira Pirinioaldeko bertso-eskolan, besteak beste, Bardoak taldekako txapelketarako prestatzeko. Bertso-eskolan sarri elkartu ohi zaie Karine Etxeberri. Karine, Urruñan bizi den arren, urepeldarra da jaiotzaz, bertsogintzak historia ezaguna duen eremukoa; hango egoera nolakoa den kontatuko du.
Bestalde, Durangon izandako jaialdian ereindako bertsoaldi sorta ikusteko aukera izango da igandeko programan; baita Iruñeko Bertsoaroaren baitan izandako bertso saioa ere. Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian ikusi ahalko da.