Bertso-katea sortzeko deia luzatu diote gizarteari, EITB Maratoiarekin bat egiteko
Koronabirusa da aurten elkartasun kanpainaren gaia. Hartara, deia egin dio EITBk euskal gizarteari, guztion indarrak batuko dituen ekimenean parte hartu dezan
Ostirala, 23 urria 2020, 18:16
Bertsoaz baliatuko da aurten koronabirusa ardatz duen EITB Maratoia, euskal gizartearen parte hartzea eskatzeko. Ekimenaren aurkezpena egin du EITBk ostiral honetan, urriaren 23an, Donostiako Tabakaleran. Ekitaldian egon dira Maite Iturbe EITBren zuzendaria, Xabier Euzkitze, Maddalen Arzallus eta Sebastian Lizaso bertsolariak eta Ander Gonzalez ETBko aurkezlea.
«Sufritzen ari garen pandemia aurrekaririk gabeko zerbait da guztiontzat. Emozioz beteriko egoera berri bat bizitzen ari gara. Horregatik, euskal gizarte osoaren sentimendua Euskadin bakarrik egin daitekeen modu batean adierazi nahi dugu: guztiok batzen gaituen bertso baten bidez», aurreratu du Maite Iturbe EITBren zuzendari nagusiak aurkezpenean.
Bertsoek lurralde eta herri bezala identifikatu, emozioak transmititzen lagundu eta beste pertsona batzuekin konektatzen gaituztela azaldu du EITBren zuzendari nagusiak. «Pandemiaren aurka borrokatzeko modu hobea al dago elkartuta egonda baino? Bai, sentimendu komun bat transmititzen duen bertso-kate batez elkartuta egonda», esan du.
Bertso-kate hori osatzeko, hasierako bertsoa beharrezkoa zen. Beraz, ekimena abian jartzeko sei bertsolari bildu ziren: Maddalen Arzallus, Xebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enebeita eta Aitor Mendiluze. Bakoitzari sentimendu bat aipatu zitzaion, eta sentimendu horri buruz aritu behar zuen bere sorkuntzak. Sentimendu bakoitza, azkenaldi honetan bizi izan dugunarekin oso lotuta dago. Horrela, denen artean bertso komun bat eraiki zuten, gure sentimenduak adierazteko asmoa duena. Eta bertso mundua herritar guztiei hurbiltzea lagunduko zigun musika jarri zuten, Bob Marleyren 'No woman, no cry' abestiaren doinua erabilita.
Orain, erronka da bertso-kate hori sortzen jarraitzea, hasierako bertso/abestia errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Honi lotuta, ostiral honetako aurkezpenean hasierako abesti hori entzun eta ikusteaz gainera, Ander Gonzalez aurkezleari ekimen honetarako propio sortutako aplikazioa nola erabiltzen den erakutsi diote.
«Kanpainan zehar, jendeak bertso-katearekin bat egin dezake hainbat modutan: errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Horrela, eta guztion parte-hartzearekin, inoiz ikusi ez den bertso-kate bat sortu nahi dugu. Euskal gizarte osoak sortu eta interpretatutako duen bertsoa. Xede nagusia parte hartzea da», adierazi du Iturbek.
Ekimena plazaratzeko, bideoklip bat lantzen ari da EITB Maratoian dabilen lantaldea. Bertan, kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute (musikariak, idazleak, poetak), mezua arlo guztietan ezagutzera emateko.
Halaber, laster emango dira argibide gehiago, edukiak eitb.eus-era igotzeko zein pausu eman behar diren azalduz.
Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar.