Astelehen gauak eliteko zesta puntaren gauak bilakatuko dira ETB1en
'Jai Alai: Azken hegaldia' dokumentala eta Jai Alai Winter series txapelketa emitituko dira telebista publikoan
j. a.
Astelehena, 17 urtarrila 2022, 13:36
Eliteko zesta puntak ETB1eko astelehen gauak bere egingo ditu neguan aste honetan eta hurrengoan 'Jai Alai: Azken hegaldia' dokumentalaren proiekzioarekin. Gaur, urtarrilak 17, eta datorren astelehenean, urtarrilak 24, itxi berri den Miamiko Dania frontoiko pilotariak protagonista dituen saileko atal bana eskainiko da. Ostean, gainera, Jai Alai Winter series txapelketa emango da astero, zuzenean, ordutegi nagusian, Xabier Euzkitzek eta Olatz Foruriak gidatuta. Antxon eta Rikardo Alberdi pilotari eta zesta adituek ere kontakizunean hartuko dute parte.
Txapelketa Gernikako Jai Alai frontoian jokatuko da eta bederatzi jardunaldikoa izango da lehiaketa, hasierakoa (urtarrilak 29, 22:00etan, zuzenean) eta finala (martxoak 20, 12:00etan, zuzenean) izan ezik, astelehen gauez jokatuko da eta ETB1en, eitb.eus-en eta ETB Basque kanalean izango da ikusgai. «Miamin apurtutako ametsa eta utzitako arrasto garrantzitsua, denon artean Euskal Herian berreskuratzen saiatuko gara», zehaztu du Joseba Urkiolak.
Jai Alai Winter Series lehiaketaren aurretik ikusiko ditugun dokumentaletan, Daniako pilotalekuan aritu diren hainbat pilotari hurbiletik ezagutu ahal izango ditugu.
Daniako frontoiaren itxiera AEBetan inflexio puntua izan da euskal pilotaren historian; 120 urtez munduan barrena bidaiatzen ibili ostean, zesta punta sorterrira dator azkenik. Jai Alai: Azken hegaldia dokumental sortak Daniako pilotariak ditu protagonista. Pilotarion etxerako bidaiak zesta puntaren aro berriari emango dio hasiera. Lehengo atalak Daniako frontoiaren itxiera jasotzeaz gain, Magic City-ko kristalezko frontoi esanguratsuaren gorabeherak ere bildu ditu.