Beñat Gaztelurrietak Azokara bertaratzeko deia egin du, bereziki gazteei egitarau propioa dutelako. Felix Morquecho
Beñat Gaztelurrutia | Gerediaga Elkarteko kudeatzailea

«Transmisioak arduratzen gaitu, gazteak dira Azokaren etorkizuna»

Durangoko Azokak Euskal Kulturarentzat duen garrantziaren jakitun, sektorearen erronkei erantzungo diena antolatzea bilatu du Gerediaga Elkarteak

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 4 de diciembre 2023, 06:51

Belaunaldi berriak buruan –«klabeak dira»– eta azken hamarkadan euskal kulturaren plaza «saltokitik harago» eramateko asmoan hasitako bidean sakonduz, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak argi du pandemia aurreko Azoka ahaztu eta sektoreak dituen erronkei erantzuteko gai dena antolatzea dela euren lana. Musika eta komiki edo album ilustratuen presentzia handiarekin izango da 58. edizioa abenduaren 6tik 10era 'Fantasia DA!' lelopean.

Publicidad

– Kudeatzea egokituko zaizun hirugarren Durangoko Azoka izango da aurtengoa. Ze gorputzaldirekin hartzen duzu? Dena prest ala azken ukituekin? Gogoz eta urduri?

– Urduritasun handiarekin, jakina, hau ez da inoiz ikasten. Antolakuntza prozesu guztia ondo bideratua dugu epe eta lanetan eta taldea ondo egituratua dago urte osoko lanean, baina edizio bakoitza berezia da eta urduritasunak hor jarraitzen du. Gainera berria balitz bezala antolatzen dugu. Orduan esperientziak balio du, jakina, baina aurretik datorrena ez dakizu inoiz nola etorriko den. Ilusio eta urduritasunez bizi ditugu azken momentuak.

– Pandemiako urteak atzean utzi nahi ditugu denok. Durangoko Azoka 2019ko edizioaren berdina izatea posible da ala jada hori ez da helburua pandemiak dena aldatu duelako?

– Galdera zaila da. Pandemia ostean esan genuen jada Durangoko Azokako edizio bakar bat bera ere ez dela izango Covid19-aren aurrekoen berdina, baina ez soilik pandemiagatik, horrek agian mugarria jarri du momentu historikoan. Oso une aldakorrean bizi gara eta aurreko edizioetara itzultzea ez da helburu bat izan behar, baizik aldaketa horietara egokitzeko gaitasuna erakustea eta hauen aurrean zoli egotea. 2019ko Azoka arrakastatsua izan zela badakigu, baina gure egitekoa egungo erronkei erantzungo dien Azoka arrakastatsua antolatzea da.

– Iaz azpimarratu zenuten kultura mundua asko aldatu dela edo musikak euskarri fisikoarekin eta formatuarekin arazo larria zuela. Nola hartzen dute sortzaileek aurtengo Azoka?

– Jakin badakigu kultur sistema ia osoarentzat Azokako egunak inportanteak direla salmenta handiak egoten direlako, batzuen kasuan urteko salmenta zati handi bat gainera, eta saiatzen gara haientzat Azokarik erosoena antolatzen norabide guztietan emankorra izan dadin, erakusle mahaiaren alde batean zein bestean egon. Bost eguneko Azoka antolatzen dugu eta oso zaila da sektore oso batek dituen egiturazko arazoei aurre egitea, esaterako erronka teknologikoa edo euskarak hizkuntza bezala gure herrian zein egoera duen.

Digitalizazioak ataka ezberdinetan jarri ditu liburugintza eta musikagintza, lehenak hobeto eutsi dio azelerazio teknologikoari irakurzaleek papera lehenetsi dutelako pantailaren ordez, momentuz behintzat. Baina musikaren kasuan ez da hala izan, inoiz baino gehiago kontsumitzen dugu, une oro dugu jarrita eta edozein tokitara zoazela entzuten dugu nahi ala nahigabe. Aldiz, modu digitaletatik jasotzen dugu eta hor ez dago transakzio ekonomikorik, doan jasotzen dugu. Euskarri fisikoa desagertzera doa apurka-apurka eta Azoka bezala horri erantzuteak zailtasun handiak ditu.

Publicidad

CD eta Biniloak

«Digitalizazioak atakan jarri du musikagintza, min ematen dit esateak, baina noraez handia dugu, zer gerta begira gaude»

– Zergatik?

– Euskal Herriko sortzaileen sektorearekin horri buelta emateko neurriak hartuko bagenitu ere, gurea ez da isla isolatu bat. Munduan gaude eta munduko joerekin bat etorri behar dugu. Beraz, munduan musikagintzak hartzen dituen soluzioetatik jo beharko dugu, edo halako zerbait. Min ematen dit esateak, baina une honetan noraez handia dugu guztiok eta zer gerta hor begira gaude. Esan dudana ez da berria, hor dagoen kontu bat da.

– Hala ere, aurten iaz baino erakusmahai gehiago (248) daude eta nobedade kopurua, 950, mantentzen da. Musikan zehazki 38 gehiago dira.

– Orotara nobedade kopurua antzekoa da eta diozun bezala aurten aipatzekoa da musika arloan iaz baino gehiago direla. Hala ere, hemen azpimarratu behar da Durangoko Azokako datuak gureak soilik direla, aipatutako nobedadeak ez direla urte guztian argitaratu diren denak eta hor Azokaren zenbakietatik harago beste azterketa bat egin beharko litzatekeela. Baina bai, sormena izugarria da eta horregatik eskatzen diogu jendeari etortzeko.

Publicidad

– Sormen alorrean komiki eta album ilustratuen gorakada ere nabarmendu duzue. Kontsumo ohituren eraldaketaren adierazle da ala sektorea profesionalizatzen ari dela?

– Gu ohartuta gaude azken 20 urteetan komikiaren argitalpena orokorrean ikaragarri handitu dela eta momentu honetan komikigintzan euskaraz sortzen ari den komunitate oso bat dago. Hori guk stand guztietan ikusten genuen. Badaude batez ere komikigintza argitaratzen duten argitaletxeak, baina baita aldiro-aldiro plazaratzen duten beste batzuk ere ikusten dutela sorkuntza eta aterabidea dagoela. Erakusmahaietan banatuta ikusten genituen eta komikigileekin hitz eginda esaten ziguten ea zergatik ez hau elkarrekin erakutsi. Ezkutuan dagoen hori bistaratzeko ahalegina egin dugu aurten bereziki edo batez ere komikia argitaratzen duten argitaletxe batzuk, ez guztiak, elkarrekin jartzeko. Elkarren ondoan izango dira zazpi edo zortzi argitaletxe eta pasilotik igarotzen denak ikusiko du Durangon ere komikia dagoela eta marrazkilariak edo gidoigileak sinatzen.

Publicidad

– Etorkizunari begira beste erronketako bat belaunaldi berriak gerturatzea da eta Gerediagatik beste urtebetez gazteengan jarri duzue fokua.

– Iaz hasi ginen eta datozen urteetan konstante bat izango da belaunaldi berriak klabeak direlako. Aldaketa demografikoa zein den ikusi behar da, gazteak gero eta gutxiago dira eta gizarte honetan gutxiago dena ikusezin bihurtzen da, baina kontrara euskarazko kulturaren hartzaileak izatea nahi badugu haiekin kontatu behar dugu. Ezinbestean jarri behar dugu begi bat aurrera, belaunaldi berriei, begira. Ezin dute Azoka sasoi bateko Azoka bezala ikusi, Azoka berri moduan ikusi behar dute, haientzako gauzak ere badaudela eta badirela nor sortzaile moduan zein hartzaile moduan. Oholtza gainean protagonismoa badute gazteen sormen lanak pila bat direlako, behar duguna da hartzaileak hemen izatea eta jendea gurekin egotea.

Guneak

«Saltoki erraldoi izatetik kultura, sortzaileak edo lanak ezagutzeko azoka izatera igarota erabat asmatu zen»

– Irudieneako emanaldi bereziak, Ahotseneako kontzertuak edo Ikasle Goiza zein Gazte Eztanda ildo horretan doaz beraz.

– Transmisioak arduratzen gaitu. Eskolako haurrak etortzea ohitura izan da eta askoren kasuan Azokarekin duten lehen harremana honi esker da. Horregatik eutsi nahi izan diogu Ikasle Goizari aurtengoak data konplikatuak badira ere. Orokorrean lehen egunean izaten da, laneguna eta beraz eskola eguna, eta aurten Azoka abenduaren 6an hasten da jai egunez, baina ez genuen eskola umeei egindako deia galdu nahi. Horregatik aukeratu dugu 7a osteguna. Askorentzako zubi eguna da, beste askorentzako ez, guk haientzako egitaraua osatu dugu eta tailerretarako eta besteetarako eskainitako plaza guztiak bete dira. Alde horretatik oso pozik gaude.

Publicidad

Gazte Eztanda eguna iaz ere ostirala izendatu genuen eta aurten ere egitarauan gazteentzako interesgarriak izan daitezkeenak egun horretan programatzen saiatu gara, etortzen direnek egun osoko ibilbide bat planifikatzeko moduan. Horretaz gainera bazkari herrikoi bat antolatu dugu eta 22:00etatik aurrera kontzertu bat ere egun osoa biribiltzeko.

Online denda

«Ez du betetzen sortu zeneko funtzioa, ez dugu eragileengandik mantentzeko asmo irmorik jaso»

– Kultur eskaintza hori esparru askotara zabaldu duzue eta alor digitalak edo teknologikoak ere lekua du orain Azokan.

– Bada hamarkadatik gora Azokak bide bat egitea hautatu zuela eta erabat asmatu zela uste dut, saltoki erraldoi bat izatetik kultura, sortzaileak edo lanak ezagutzeko azoka izatera igarotzea. Bide hori sakontzen eta zabaltzen joan da eta hor dago guneen diseinua. Landakon erakusmahaiak eta sormen lanak erosteko aukerak egotea, nobedadeak zein fondokoak, baina ezagutzen ez dena ezagutzera emateko aukera eskaintzea gunez gune egindako aurkezpenekin. Hori klabea da eta hori iradokitzeko da aurtengo 'Fantasia DA!' leloa, amarauna dela islatzeko, sortzaile berriak ezagutzeko, ezagun ditugunen lanak ezagutzeko edo diziplina ezberdinetako sormen lanetan arakatzeko unibertsoa.

Noticia Patrocinada

– Ildo horretan aurtengoa izango da online dendarik gabeko lehen urtea. Azoka fisikoa indartzeko asmoz hartu da erabakia?

– Online denda oso modu berezian sortu zen, pandemia betean eta aurrez aurreko azoka egitea posible ez zenean. Ez genuen horrela pasatzen utzi nahi, salmentek bere garrantzia dutela jakitun ginen eta hala salbatu genuen 2020a. Hurrengo urtea erdipurdikoa izan zen, aforo oso mugatuekin, musukoarekin eta txanda hartuta eta online dendak bazeukan bere garrantzia. Pandemia gainditu dugu eta gure egunerokoan ez dugu kontenplatu ere egiten, alde horretatik Azoka erabat normala dugu. Jada ez du betetzen sortu zenean betetzen zueneko funtzioa Azoka saltokia baino askoz gehiago delako. Hori elkarbanatu dugu eragile guztiekin eta ez dugu mantentzeko halako uste sendorik edo asmo irmorik inorengandik jaso.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad