Surfa, kontu ilunak eta thriller ukitu bat 2023rako
EITBren euskarazko fikzio berriak, oraindik izenik gabeak, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza izango ditu protagonista
Surf munduan girotuta baina istorio asko kontatuko dituen fikzioa, zenbait thriller ukiturekin. Halaxe labur daiteke Jon Plazaolak, Nerea Mazok eta Itziar Atienzak protagonizatuko duten euskal fikzio berria. Jada grabatzen hasi dira eta dena ondo bidean azaroan amaituko dituzte lanak, gerora 2023an estreinatzeko telebista publikoaren lehen katean. Seriean izango dira ere Jon Mendia eta Nerea Garmendia aktoreak. Oraingoz telesailak ez du izen ofizialik.
Euskal Herriaren kostako herri batean kokatua dago fikzioa, Donibane izena jarri dioten balizko herri batean. Han du bere surf eskola Mikelek, Plazaolaren pertsonaiak. Surf txapeldun ohia da eta bat-batean bere bizitza errotik aldatuko da Eba (Mazo), bere 17 urteko alaba harekin bizitzera doanean. Ordu arte Mexikon bizi izan da, baina ama hiltzerakoan ezagutzen ez duen aitarengana joan beharko du. «Elkarren artean ezberdinak izan arren, bata bestearekin moldatzen ikasiko beharko dute», azaldu du EITBk.
«Istorio asko kontatuko ditugu, batez ere pertsonalak, baina erditik aurrera thriller ukituak ere baditu», aurreratu du Plazaolak. Izan ere, Antonio Díaz Huerta da zuzendariak xehetutakoaren arabera Mikel kontu ilunetan murgilduta dago, zenbait surf ekolaren inguruan gertatzen direnak, eta atalak pasa ahala izango du hauen berri ikusleak. Besteak beste droga-trafikoa eta dirua zuritzea.
K2000 (The Mediapro Studio) ekoiztetxeak sortu du zortzi ataleko fikzio berria, eta Antonio Díaz Huerta da zuzendaria. Besteak beste, 'Estoy Vivo' (RTVE), 'Noche de chicas' (Disney+) eta 'El Internado' (Antena 3) telesailak eta Gallo dokumentala zuzendu ditu aurretik.