Borrar
Ryder eta bere txakurkumeek osatzen dute 'Txakur patruila', orain euskaraz ikus daitekeena.

Chasek eta Luffyk badakite euskaraz

'Txakur patruila' eta 'One Piece' marrazki bizidunek euskaraz ikus daitezkeen animaziozko telesailen eskaintza osatu dute azken hilabeteetan

Itziar Altuna

Donostia

Domingo, 25 de mayo 2025, 00:19

Gero eta gehiago dira euskaraz hitz egiten duten animaziozko pertsonaiak. Azken urteetan sortu berri diren atariek norberak bere etxetik ikus ditzakeen pelikula, telesail eta dokumentalen eskaintza handiagotu dute, baita marrazki bizidunena, eta gero eta gehiago dira euskaraz ikus daitezkeenak. Horren adibide dira gaur egun munduko haur eta gaztetxo askorentzat jainko txiki diren 'Txakur patruila' edo 'One Piece', biak Primeran edo Makusi plataformetan eskaintzen direnak.

Hamar urte dituen Ryder mutikoak entrenatu eta zuzentzen dituen sei txakurkumek osatzen dute 'Txakur patruila'. Keith Chapmanek 2011n sortu eta bi urte beranduago estreinatu zuen Nickelodeon kateak 'PAW Patrol' seriea eta ordutik 250 ataletik gora izan ditu. Aspaldian ahots ugarik eskatu zuten haurrek euskaraz ere gozatzeko aukera izatea, gaztelaniara zein frantsesera itzuli delako, eta otsailean EITB taldearen Makusi atarian sareratu ziren aurreneko 48 atalak.

'One Piece' telesail japoniar arrakastatsua ere iritsi berri da Makusi eta Primeran atarietara, Luffy munduko piratarik ezagunenetakoaren istorio guztiekin. Lastozko kapela buruan duela, lagunak eta etsaiak topatuko ditu 'One piece' deituriko altxorraren bila egingo duen ibilbidean. Manga generoa du oinarri telesailak, hain zuen Eiichiro Odak 1997an sortu zuena, eta hainbat urtetan Japonian salduena izan dena. Anime seriea 1999an estreinatu zen Japonian eta 25 urte beranduago iritsi da euskarazko bertsioa, euskal haurren artean ikusmin handia sortu duena. «Haurren esku horrelako produktuak jartzea ezinbestekoa da euskararen kalerabidean jauzi kualitatiboa eman nahi badugu», dio Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak. «Euskara modu formaletik atera eta digitalizazioan murgilduta dauden gazteek produktu hauek euskaraz kontsumitzeko aukera ematea da gure apustua». Kultura Sailak ia 15 milio euro bideratzen ditu eduki hauen itzulketa eta sormenerako, Aldasorok gogoratzen duenez.

Telesail «ikusgarria»

Agian gaur egun Luffyren abenturek duten arrakasta duela 35 urte 'Dragoi bolak' izandakoarekin aldera daiteke. Izan ere orduan Son Goku gerlariaren eta bere lagunen abenturak euskaraz bizitzeko aukera izan zuten hainbat haur eta gaztek, baita 'Dotakon' eta 'Arale' pertsonaien bihurrikeriekin. ETBren lehen urteetan bere lehen kanalak adin guztietako gazteentzako fikziozko serieak eskaini zituen, «baina 90 hamarkada bukaeran etenaldi bat etorri zen eta itzultzeari utzi zitzaion», dio Ane Garmendia itzultzaileak. Euskarazko lehen marrazki bizidun horiekin hazitakoa, nerabe izatera igarotzeko garai horretan «hutsune handia» zegoela nabarmentzen du, «gaztetxo horiek euskarazko edukirik ez zuten izan garai luze batean».

«Azken urteetan izan dira haurrentzat euskaratu diren telesailak, baina ez ziren oso ezagunak»

Ane Garmendia

Itzultzailea

Azken urteetan sortu dira plataforma eta streaming kateek euskarazko edukien eskaintza «ikusgarriagoa» egin dutela uste du. Ez du «handitu» hitza erabili nahi, izan ere «orain arte haurrentzat euskaratu diren telesailak bazeuden, baina ez ziren oso ezagunak eta ez dute ikusle kopuru handia lortu. Ez dut kalitate txarra hitza erabili nahi, baina ez ziren beste tokietan arrakasta handia lortu duten produkzioak. Haurrek arrakasta duten edukiak ikusi nahi dituzte, eta gaztelaniazko plataformetan eskaintzen denarekin egundoko tartea dago».

Azken hilabeteetan estreinatu diren 'Txakur patruila' eta 'Once piece' marrazki bizidunak «izen ezagunak» dira, eta beraien estreinaldiak «asko iragarri dira». Publizitate hau, hain zuzen, «oso garrantzitsua» dela uste du Garmendiak. «Bikoizten diren eduki horietatik, gutxiri egiten zaie behar adinako publizitatea haurrak erakartzeko, arlo honetan apustuak sendoagoa izan beharko luke».

Urteetako lan oparoa

Hamabost urte inguru darama Ane Garmendiak haurrentzako ikus-entzunezko edukiak itzultzen. 'Dora esploratzailea', 'Spirit', 'Remy & Boo', 'Gangnam proiektua' edo 'Kody Kapow' telesailak euskaratu ditu, baita 'Momiak', 'Supermaskotak', 'Lego Batman', 'Smalfoot', 'Migrazioa', 'Zikoinak' eta 'Mavka' filmak –azken honengatik 2024an, euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenaren saria eman zion ATRAE elkarteak–. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko (EIZIE) zuzendaritza taldeko kide, Garmendiak ikus-entzunezkoetarako itzultzaile asko ez daudela dio, «ez dagoelako eskaintza handirik». Bai ordea azpi-itzulketak egiteko, «gehiago egiten baitira, kostua txikiagoa delako». Horregatik uste du «apustu handi bat egin ezean» ez dagoela lan handirik. «Eskaintza balego, gora egingo luke, zalantzarik gabe».

«Euskararen kalerabidean jauzi kualitatiboa eman nahi badugu ezinbestekoa da haurren esku produktu hauek jartzea»

Aitor Aldasoro

Hizkuntza Politikako sailburuordea

Azkenik, haurrek euskarazko eduki hauek eskura izatearen garrantzia azpimarratzen du itzultzaileak. «Euskara benetan biziberritu nahi badugu eta haurrek euskara ondo ikas dezaten, ezinbestekoa da euskara ikus-entzunezkoetako eduki horietan txertatzea eta behar zaien publizitatea ematea». Puntu honetan, Aitor Aldasorok ere argi du Kultur eta Hizkuntza Polita sailaren «lehentasunen» artean dagoela harrera ona duten edukiak euskaratu eta jendearen esku jartzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Chasek eta Luffyk badakite euskaraz

Chasek eta Luffyk badakite euskaraz