Saioen maila altua ia bermatuta, azken faseari ekingo dio Gipuzkoako txapelketak
2019ko sei finalistak sailkatu izanak, lau gainera final laurdenak irabazita, argi uzten du finalaurrekoetarako langa beste koxka bat igo dela
Txapelketa ez da plaza eta 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak argi utzi du berriro ere finalaurrekoen atarian. Jada 18 bertsolari soilik geratzen dira txapelaren lehian eta langa, eskatzen den gutxieneko maila, gero eta altuago dago. Hala erakusten du final-laurdenetan sartu ziren 2019ko sei finalistak igaro direla eta izan diren bost saioetatik lau irabazi dituztela. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak txapelketako aurkezpenean nabarmendu zuen jada hiru edo lau txapelketa lehiatu zituzten bertsolariak, bertso-plazan ibilbidea egindakoak, «egonkortuago eta anbiziotsu» ikusten zituela. Hala izan da eta ez dute bromarako tarterik utzi. Faborito kinieletan egon nahi dute. «Finalistak eskarmentu handikoak dira eta zeresana emateko asmoz etorri dira, ez dute ezer oparitzen», dio Beñat Azaldegi sustapen arduradunak.
Langa igotze horrekin saioek berek ere gora egin dute eta antolakuntzatik «ikaragarri gustura» daude alor guztiekin. Bai saioek duten aurre lanketan tokian tokiko bertso-eskolen eskutik nola aritu diren, bai publikoak eman duen erantzunarekin, zein saioek emandako mailarekin. «Bai, zentzu horretan ikaragarri gustura gaude eta datozen fase berrietarako esperantza askorekin. Orain arteko joerak erakutsi du Gipuzkoako bertsozalea bertso egarriz dagoela», dio Azaldegik.
Oholtzara igoko diren bertsolarien bi herenentzat azken saioa izango da. Gehienak jada egoera honetan izan dira, baina birentzat, Aner Peritz 'Euzkitze' eta Andoni Rekondo, lehena izango da. Uda hasieran Azpirozek aurreratu zuen gazte izanagatik ere maila bazela eta «bertso eskoletatik egarri handiz» zetozela. Hala erakutsi dute eta Azaldegik uste du, gainera, saioz saio gora egin dutela. «Maiatzean hasi ziren kantuan eta bestelako gorputzaldi batekin agertzen ari dira hilabete askotako lanketaren eta prestakuntzaren ondoren. Hori emaitza ematen ari da, puntu bat egin dute gora».
Noticia relacionada
Tres semifinales con aroma a final y todos los favoritos
Hamar ziren final-laurdenen hasieran eta, orain, finalaurrekoetan 'talde' horretako bi bertsolari izango dira, Aner Peritz 'Euzkitze' eta Andoni Rekondo. Txapelketak bertsolariei «bertsio onena aurkitzeko» aukera ematen diela nabarmentzen du eta plazak ematen ez duen «denbora hori», gauzak probatu eta pulitzean joatekoa, ematen duela. «Askok urtean zehar ez dute aukera hori». Era berean, etorkizunari begira «esperientzia» emango diela iritzi du eta, beraz, Gipuzkoako bertso ekosistemarentzat oso aberasgarria izango dela. Orain haien artean izango da aurten lehen aldiz emango den 25 urteko bertsolari onenaren saria, abenduaren 14ko finalean jasoko duena.
Sailkapena, estu
Aurtengo lehiak duen maila altuaren erakusle dira puntuazioak. Egia da analisia horiek soilik kontuan izanda hotzagoa geratzen dela, baina Azaldegik nabarmendu bezala nahikoa pauta txertatuta daude emaitza «objektibizatzeko». Eta eskerrak, berdinketak eman baitira, Azkoitiko final-laurdenean bezala. Unai Mendizabalek eta Asier Azpirozek 485,5 puntuna lortuta, lehenak zuzeneko txartela erdietsi zuen eta bigarrenak puntuazioaren arabera. «Momentu oso intentsoak izaten dira unean hartu beharreko erabakiak direlako, estu eta larri joaten da dena eta kezka puntu hori ematen du, baina zorionez araudian oso argi zehaztuta daude irizpideak».
Hiru finalaurrekoei –Oiartzun, Zarautz eta Arrasate– zein abenduaren 14ko Illunbeko finalari begira Azaldegik goitik joango dela uste eta espero du. «Oso ilusionatuta gaude datorrenarekin, saioak oso orekatuak atera dira eta hori oso polita da. Jada maila ona erakutsi dute eta suposa dezakegu saioak onak aterako direla. Eman duten mailaren aldia ematen badute saioan oso politak izango dira dudarik gabe».
Horietan ere tokian tokiko bertso-eskolen eskutik arituko dira, txapelketa osoan zehar bezala.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.