Borrar

A Panadaría

Asteartea, 28 otsaila 2023, 14:40

Comenta

Ogia erostera joan naiz ohiko okindegira. Zeloz itxitako paper zati batean bilduta ematen didate ogi barra, baina, gaurkoan, bada ezberdintasun deigarri bat. Paperezko poltsa batean sartuta dago, letra eta data mordoz josia. «Las que limpian» dio paperaren goiko aldean letra larriz. Goraxeago, berriz, «A Panadaría». Eta data eta leku zerrenda luze bat, Soriatik hasita Saguntora arte, tartean Euskal Herriko hainbat herri. Ogi-saltzaileari galdetu diot, ea biltzeko papera berritu ote duten. Berak ezetz, antzezlan baten propaganda dela. Musu-truk eskaini diotela antzerki-konpainiakoek, antzezlanaren berri emateko. Galegoz idatzita dago pasarte bat. «Gústanos imaxinar un mundo no que o teatro é tan imprescindible como o pan», dio. Hotel garbitzaile batzuei buruzko komedia zoro bat da.

Kalera berriz ateratzean, gogora etorri zait aspalditik dutela lotura ogiak eta antzerkiak. Plauto antzerkigileak errotarri bat bultzatu behar izan zuen porrot egin ostean. Erromatar inperioak sekula zaharkituta geratu ez den 'Panem et circenses' leloa utzi zigun. Pentsa, adiskide hitza latinezko «com-panio»tik dator, hau da: ogia partekatzen duena. 'Denon ogia' idatzi zuen Alfonso Sastrek. 'Der Brotladen' (Okindegia) izeneko lan bat utzi zuen amaitu gabe Bertolt Brechtek. 'Ogia eta ardoa' elegia idatzi zuen Hölderlinek: «Lurreko fruitua da ogia, argiak bedeinkatua». Katarsi betean egin dut etxe atarirako bidea, ogia besapean, ogi-koskorra jan ala ez jan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco A Panadaría