Ostiralean amaituko da XIII. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdirako epea
Programak musika eta umorea, antzerkia, magia edota bakarrizketak bateratzen ditu eta bi finalistek lau emanaldi eskainiko dituzte
J. A.
Asteazkena, 14 iraila 2022, 12:47
Formatu txikiko antzerkiaren inguruko euskarazko lanen eskaintza «urria» dela ikusita, Donostia Kulturak hamahirugarren urtez jarraian Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia zabaldu du berau bultzatzeko asmoz. Pasa den uztailaren 4an abiatu zen proiektuak aurkezteko epea eta ostiral honetan, irailak 16, amaituko da.
Jasotako proposamen guztietatik epaimahaiak bi aukeratuko ditu eta aurreko ekimenetan bezala koprodukzioa izango da, hau da, sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko hainbat tabernatan Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Gainera, lehen sariak 2.500 euro jasoko ditu (gordinak eta zergak barne); finalistak, berriz, 2.000 euro (gordinak eta zergak barne). Era berean, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.
2022 - 2023 deialdia
-
Epea: 2022ko uztailaren 4tik irailaren 16ra.
Programak musika eta umorea, antzerkia, magia edota bakarrizketak bateratzen ditu, eta zaleei zein gune eszeniko tradizionaletara joateko ohitura handirik ez duten ikusleei ere antzerkia hurbiltzea du xede.
Asmo nagusiaz gain, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea ere bilatzen du ekimenak. Lehen aldiz 2011n jarri zuen martxan Donostia Kulturak. Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik etorri zen «modu esperimentalean» eta orotara 81 proiektu jaso dira.
Aurreko ekimenetako hautatuak
-
2022: Ivanka.
-
2021: 'Lakoste' eta 'Bete ingoiau'.
-
2020: 'Matriuska' eta 'Esnatu naiz'.
-
2019: 'Ama-Alu-Lur' eta 'Zurrunbiloan'.
-
2018: 'Zaharrak berri', 'Gudua' eta 'Puer Aetemus'.
-
2017: 'Erbeste' eta 'Ni ala zu'.
-
2016: 'Sarean Kateatuak' eta 'Sexijentziak'.
-
2015: 'Atea teatro taldea, 'Ekopatetikobikoa'.
-
2014: TEAko ikasleak, 'Markesa Loucost'.
-
2013: Khea Ziater konpainia, 'Satisfaktion'.
-
2012: Oh my God konpainia, 'Zer Duzu Amy?'.