Oihana Iguaranek irabazi eta finaleko zortzikoa osatua geratu da Arrasaten
Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ohiana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Illunbeko finalean izango dira hilaren 14an
Felix Irazustabarrena
Arrasate
Domingo, 1 de diciembre 2024, 21:07
Ohiana Iguaran Amasarra nagusitu da igande honetan Arrasateko Uarkape pilotalekuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalauarrekoan. Bertakoetatik Andoni Rekondo gazteak lagunduko dio finalera. Bertan, Donostiako Illunben abenduaren 14an, izango dira beste finalaurretako irabazleak, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin, eta puntuazioz sailkapena lortu duten Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe eta Aner 'Euzkitze'.
Arrasatekoa saio ona izan da, jendea gustura uzteko modukoa nahiz gero puntuazioetan ez duen oso gora jo. Batez ere txikiko saioetan eta umorean asmatu zuten sei bertsolariek.
Aipatzeko moduko hiru bertsoaldi osatu dituzte rolak banatuta. Kolpeekin eta bideak irekitzen hasi badira Mantxi (Iñigo Mantzizidor) postaria eta Andoni Rekondo bizilaguna, ateraldiei buelta ematen, goxoki saltzaileari hortzak erakusteko eskatu dio Oihana Iguaran dentistak. Ederki aritu dira Iguaran eta Maider Arregi, eta bukatzeko plater umoretsua. Eñaut Martikorena igarleak karta txarrak erakutsi dizkio Agin Laburu bezeroari. Umoretsu denak ere bizi eta elkarrizketan.
Giroa, finalaurreko guztietan bezala, txapelketa guztian beharbada, oso beroa izan da eta pentsa zitekeen bertsolariengan egon zitekeela erabakigarritasunaren pisua, lotura, baina ez da hala gertatu. Gehienetan umoretsu eta fresko aritu baitira seiak ere.
'Zorionak sailkatuei / besteei muxu ta erdi...'. Horrela hasi du Ohiana Iguaran irabazleak bukaerako agurra. Eta zoriontzeko bazegoen. Denek eman baitute beretik.
Finalean entzuteko zortea izango dugun Andoni Rekondok esaterako patxada, tenplea erakusten du. Erantzuteko beti prest, izan zortzikoan zein sei puntukoan, bikain aritu da. Maider Arregi bederatzigarrena izango da, puntu batengatik ez da finalean izango. Saio osoan maila altuan, ofizio guztietan, eta bakarkakoan luzitu da. Agin Laburuk ere utzi ditu bere arrastoak, 8ko txikian aipatutako igarle eta bezero paperean... baina aurreko txapeldunordea ez da izango aurtengo finalean. Eñaut Martikorena edo Mantxi egongo ez diren bezala nahiz Arrasaten ideiekin aritu eta tarteka kolpe ederrak jo dituzten. Biek batera, puntutakoan adibidez, Durangoko azokan sinatu eta sinatu.
Oihana Iguaran izan da behar bada saio guztietan ondo aritu dena, erregularren beraz, eta horrek eman dio finaleko giltza.
'Hainbeste sormen ezin da / zortzi aulkitan eseri', jarraitzen zuen bere azken bertsoan. Baina horiek izango dira, zortzi, txapelaren lehian. Horietako bi 25 urte azpikoak. Beraz, beste pizgarri bat Illunberako, sari bat baitago jokoan bien artean, Andoni Rekondo eta Aner Euzkitze. Bertsolari gazteek ere bultzaka datozen beste seinale bat. Aurpegi berriak eta forma berriak.
'Kultura bide izan bedi / ahal dala euskaraz egiten / ta euskaraz gozatzen segi', bukatu zuen agurra irabazleak. Eta horretan geratzen gara. Donostiako finalean gozatzen segitzeko asmo eta uste osoan, abenduaren 14an Illunben arratsaldeko bostetatik aurrera. Han jakingo dugu Gipuzkoako XII. txapelketako irabazlea nor den.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.